Fernando Alberdi, izozkigileen olinpoaren bila

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 3a, 20:04
Fernando Alberdi 2019an, Bartzelonako Gelato World Tour kanporaketan bigarren sailkatu zenean. (Utzitakoa)

Gelato Festival World Mastersaren Espainiako finalaren emaitza hil honen bukaeran jakingo du azpeitiarrak. Beste hamar izozkigilerekin lehiatuko da, COVID-19a dela-eta zeharo ezohikoa eta online egingo den lehiaketan. Bi onenen artean sailkatzen bada, munduko txapelketaren finala jokatuko du datorren urtean Italian.

Bere olinpiada partikularraren azkenaurreko koskara iritsi da Fernando Alberdi. Koronabirusaren pandemiak dena hankaz gora jarri izan ez balu, hitzordu garrantzitsua izango zukeen izozkigile azpeitiarrak hil honetan Madrilen. 2019an Bartzelonan jokatutako kanporaketan lortutako txartelari esker, Gelato Festival World Mastersaren Espainiako finalean aritzekoa zen Alberdi Madrilen, estatuko beste hamar izozkigilerekin lehian. Koronabirusa dela eta, ordea, antolatzaileek bertan behera utzi dute Madrilgo hitzordua. Baina final hori jokatu gabe ez dira geldituko azpeitiarra eta gainerako lehiakideak,

Antolatzaile italiarrek txapelketa ez etetea eta online egitea erabaki dute. Zeharo ezohikoa izango da, beraz, finala, baina egin, egingo da. Alberdik berak azaldu du nola: "Hainbat argazki eta bideo prestatu eta bidali dizkiet Italiara, izozkia nola egiten dudan pausoz pauso azaltzeko. Horrez gain, erabiltzen ditudan osagai guztiak ere bidali dizkiet. Horiekin, eta nire azalpenak jarraituz, han italiar maisu batek prestatuko du nire izozkia epaimahaikoentzat". Aitor Rodriguez azpeitiarrak egin dizkio argazkiak eta bideoak, "oso ona da eta".

Gelato World Tourreko aurreko hitzorduetan bezala, mangoarekin eta Ezpeletako piperrautsarekin egiten duen izozkiarekin lehiatuko da oraingoan ere. Berak sortutako errezeta, hainbatetan egin izan duen izozkia, beste baten eskuek egingo dute, ordea; hori "oso arraroa" dela onartzen du, eta ezinegon puntu bat sortzen diola ere aitortu du Getariako Dona Doni izozki dendako arduradunak.

Italian, ekainaren 28an dastatuko dituzte italiar maisuek egindako Gelato Festival World Mastersaren Espainiako 11 finalisten izozkiak, eta 29an jakinaraziko dute sailkapena; sari banaketa ekitaldia ere online egingo dutela azaldu Alberdik, eta zuzeneko ekitaldian parte hartuko dute lehiakideek. Espainiako finalean lehen bi postuetan sailkatzen direnek lortuko dute mundu mailako finalerako sailkapena. Azpeitiko izozkigileak dio "dagoen maila ikusita, oso-oso zaila" izango dela bi txartel horietako bat lortzea: "Hau olinpiada batzuen antzekoa da, azkenean. Hainbat urtetan zehar lehiaketak eta kanporaketak gainditzen joaten zara, finalaren bila. Baina finala oso garestia da. Ni honaino iritsita ere pozik nago". Ezustean azkenaurreko koska hori gainditzen badu, datorren urtean Italian jokatuko den final handian tokia izango du Alberdik.