Bertso saio musikatua egingo dute Errezilen ekainaren 20an, Bertso Urtie egitasmoaren barruan

Unai Agirrek, Eñaut Agirrek eta Imanol Kamiok Auskalo zeinek jarriak aurkeztuko dute Erniarraitzek antolatutako saioan. Dantzalekuan izango da, 18:00etan, eta gonbidapenak Errezilgo dendan, Borondegin eta Letean eskura daitezke.

Erniarraitz bertsozale elkartearen Bertso Urtie egitasmoak aurrera darrai, eta Errezilen izango du ekaineko zita. Hilaren 20an, igandea, bertso jarri musikatuak entzuteko aukera izango dute Errezilera joaten diren bertsozaleek. Dantzalekuan izango da emanaldia, 18:00etan hasita, eta bertaratu nahi dutenek gonbidapenak eskura dituzte Errezilgo dendan, Borondegin eta Letean.

Auskalo zeinek jarriak izeneko ikuskizuna plazaratuko dute Errezilen Unai eta Eñaut Agirre anai bertsolariek eta Imanol Kamio musikariak. Bertso jarri zahar nahiz berriak baliatuta osatuko dute saioa, kantu hutsa eta musikatua nahastuz.

Erniarraitzen Bertso Urtieren barruan Errezilen egingo den bigarren saioa izango da ekainaren 20koa; joan den urtarrileko Bertso Jasa izan zen aurrekoa.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide