Mirian Quintanak Emakumeen Txokoan utzi du 'Bizipenak' margolana

Julene Frantzesena 2021ko eka. 3a, 13:15
Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikaria, Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko kidea, Miriam Quintana sortzailea eta Eneritz Albizu Kultura batzordeburua 'Bizipenak' lanarekin.

Herritarren eskura utzi nahi izan du obra Quintanak. Haren arabera, emakumeei zuzendutakoa da Bizipenak margolana, eta horregatik eraman du Emakumeen Txokora. Iazko sorkuntza beketako bat jaso zuen sortzaileak, eta prozesuan sortutako lanetako bat da Bizipenak.

Mirian Quintana sortzaileak Bizipenak izeneko margolana herritarren eskura utzi du Emakumeen Txokoan. Iazko sorkuntza beketako bat jaso zuen Quintanak, eta beka hura naturako materialekin nahiz margoekin egur gainean esperimentatzeko baliatu zuen. Are gehiago, prozesu hartan sortutako lanekin Bizipenak erakusketa jarri zuen ikusgai maiatzean Sanagustin kulturgunean.

Erakusketa hartako lan bat da, hain zuzen ere, Emakumeen Txokoan utzi duena. Izan ere, Quintanak azaldu duenez, artelan bakoitza pertsona jakin batekin pentsatuta ondu du. Bizipenak margolana, esaterako, emakumeei zuzendutakoa da, eta herrian jarri nahi zuen ikusgai. Horregatik utzi du Emakumeen Txokoan: “Azpeitira bizitzera etorri nintzenetik, familiaz aparte niretzat garrantzitsuak izan diren pertsonei zuzendutako lanak dira. Bizipenak margolana Emakume Txokorako egokia dela iruditzen zait, eta bertan jartzeko proposamena egin nien".

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziak Quintana zoriondu du egindako lanagatik eta erakutsitako eskuzabaltasuna eskertu dio. "Azpeitia denon artean egiten dugula esatean, horrelakoez ere ari gara. Herria guztiok egiten eta osatzen dugu, bakoitzak beretik eta bere moduan. Benetan eskertzekoa da Miriamen lana eta bere lana herriari ematea”.

Sormen beken helburua kultur sortzaile berriei baliabideak eskaintzea da, eta Albizuren aburuz, Quintanari "ziklo oso bat" osatzeko parada eman dio bekak: “Beka jaso zuen, sormen prozesua egin du, erakusketa ere bai herritarrek ikus dezaten, eta, gainera, koadro bat herritarren eskura utzi du Emakume Txokoan. Ziklo oso bat osatzeko aukera eskaini dio bekak".