Koronabirusa Azpeitian

Positibo bakarra zenbatu dute azken orduetan Azpeitian

Andoni Elduaien 2021ko eka. 3a, 12:58

Nola kasuek hala intzidentzia tasak behera egin zuten atzoko kasuen ondoren. Hego Euskal Herrian, bestalde, 368 positibo zenbatu zituzten atzo, eta %3,3koa izan zen positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno testetan herriz herri atzemandako kasu positiboen txostena. Azpeitian behera egin dute positiboek astearteko datuekin alderatuta; izan ere, asteartean zazpi positibo detektatu zituzten Azpeitian, eta atzo, positibo bakarra.

Positiboek bezala, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak ere behera egin du herrian. 354,80ra igo zen atzo eta gaur 328,52koa da datua. 2020. urteko martxoaz geroztik, Azpeitian dagoeneko 1.841 herritarrek eman dute positibo gaixotasuna detektatzeko probaren batean.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, kasu positiboek nabamen egin zuten behera atzo herenegungo datuekin alderatuta. Asteartean 32 kasu zenbatu zituzten eskualdean, eta atzo hamazazpi; kasuak erdira jaitsi ziren, beraz, atzo eskualdeko herrietan egindako PCR eta antigeno testetan. Zarautzen atzeman zituzten atzo positibo gehien; han sei kasu baieztatu zituzten eta 235,58ko tasa dute egun. Orion ere bigarren egunez jarraian bost kasu zenbatu zituzten; 244,62ko tasa dute han. Bi herriek eremu laranjan sartuta jarraitzen dute. Azkoitian, berriz, hiru positibo detektatu zituzten atzo, eta 425,60ko intzidentzia tasa dute han, eskualdeko altuena. Eremu gorrian dago azken asteetan Azkoitia.

Azpeitian bezala, Aian eta Zumaian ere positibo bana detektatu zuten atzoko probetan. Aiak 50,38ko tasa du egun, eta eremu berdean dago. Zumaian, berriz, 162,82koa da zenbatekoa eta eremu horiko herria da gaur-gaurkoz. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan, bestalde, ez zuten atzoko probetan positiborik hauteman.

Positibotasun tasa, %3,3an

Atzo, 11.247 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 368 kasu positibo hauteman zituzten. Lurraldeka, 41 kasu baieztatu zituzten Araban, 158 Bizkaian, 99 Gipuzkoan eta 67 Nafarroan. Horrez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hiru lagunek ere positibo eman zuten. Hori horrela, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3,3koa izan zen atzo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak bi puntu egin du behera, eta orain 207,75ekoa da.

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 39 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Osakidetzako erietxeetan 161 pertsona daude egun ospitaleratuta, eta horietatik 91 dira zainketa berezia behar dutenak. Nafarroan, berriz, atzo bi pertsona ospitaleratu zituzten, baina inor ez ZIUan. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak aurreko astean gorakada izan bazuen ere, berriz ere beherako joera hasi du; 0,99koa da une honetan zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.