Oinatz Elustondo: "Taldeak bere ahalmenean sinestea eta aldagelako giroa izan dira gakoak"

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 2a, 17:00
Oinatz Elustondo. (Argazkia: Otola)

Aspaldiko boladarik txarrena igaro du Lagun Onak futbol klubeko gizonen talde nagusiak. Maila galtzeko arriskua esku-eskura izan ostean, joan den larunbatean lortu zuten salbazioa; beraz, beste urtebetez jarraitu ahal izango dute Espainiako Hirugarren Mailan. Oinatz Elustondo (Azpeitia, 1990) taldeko kapitainetako batek denboraldiko gorabeherak azaldu ditu.

Larunbateko partidaren amaierako bideoan, talde guztia pozez zoratzen ikus daiteke. Nola oroitzen duzu egun hura?

Aste osoan zehar hori lortzea izan genuen buruan; larunbateko partida irabaztea nahi genuen, eta horrela, mailari eustea. Baina neurketan zehar, bigarren zatian behintzat, ez neukan helburua lortuko genuen esperantza handirik. Izan ere, irabazten hasi ginen arren, gero partida berdintzea lortu zuen Somorrostrok, eta bigarren zatiaren bukaeran dezente sufritzea tokatu zitzaigun; Jakes Gurrutxagari txartel gorria atera zioten, eta bat gutxiagorekin gelditu ginen. Beraz, berdinketarekin gustura geunden, nahiz eta emaitza horrekin ez ginen matematikoki salbatzen. Dena den, gure aulkiko tandemak, Ekhik eta Beñatek osatutakoak, partida askori irtenbidea ematen lagundu digu, eta larunbatean ere berdin gertatu zen: azken minutuan, Beñatek baloia lapurtu zuen, eta Ekhiri gola oparitu zion. Zoramena izan zen.

93. minutuan Ekhik gola sartzea zer izan zen, miraria?

Ez dakit zer izan zen. Denboraldiaren lehen fasean, detaile denak kontra tokatu zitzaizkigun: zerbaitegatik beti galdu egiten genuen. Orain, bigarren fase honetan, ikusten da taldea askoz ere hobeto dagoela, baina era berean, lehen aurka izan genuen zorte hori pixka bat alde ere ari zaigu tokatzen. Adibidez, Balmasedaren kontra galtzen ari ginen, eta azken bost minutuetan erremontatu egin genuen. Dena den, ez da zortea bakarrik izan, taldearen ahalmenean sinetsi izanak ere lagundu digu. Azken partidan, azken minutuan, ez nuen pentsatzen gertatu zena gertatuko zenik, baina gertatu zen, eta denok gustura gaude. Gainera, hori Azpeitian gertatu izana, luntxa ere prestatuta geneukan.... Ez dago gehiago eskatzerik. Dutxetan ere jarraitu zuen ospakizunak.

Xanpaina ireki al zenuten?

Ez. Musika aparailu bat daukagu, eta hori martxan jarri eta han ibili ginen dantzan, eta...

Horrelako momentuetan ez al da publikoaren berotasunaren falta sumatzen?

Zalantzarik gabe. Denboraldi guztian zehar nabaritu dugu horren falta; momentu txarretan, are gehiago. Bolada onetan, emaitzak ere onak izaten direnez, geure inertziaz partidak aurrera atera ditugu. Baina neurketarik ezin irabazita genbiltzanean, orduan bai sumatu genuen jendearen falta.

Lagun Onakek aspaldiko denboraldirik eskasena egin du. Hasi, behintzat, oso gaizki egin zineten. Maila galtzeko arriskua ere bertan izan duzue. Zer gertatu zaizue?

Ez da erraza hori azaltzea. Dena gaizki hasi zen. Denboraldi aurrea hasi baino bost egun lehenago, Ugaitz Kerejeta taldekidea galdu genuen. Horrez gain, urtea ere zelebrea izan zen: normalean, abuztuan hasten gara jokatzen, eta aurten, entrenatzen hasterako ia iraila zen; urriaren 25a arte-edo ez genuen denboraldia hasi... Dena izan da zelebrea, beste taldeentzat ere halaxe izango zen, baina... Denboraldi aurreko emaitzak ere ez ziren onak izan: partida guztietan gola jasotzen genuen, maila baxuagokoen aurka jipoiren bat edo beste hartu genuen... Eta denboraldia ere horrelaxe hasi genuen: Santurtziren aurka etxean 0-3 galdu genuen, Baskoniaren aurka 3-0 galdu... Gero, entrenatzailearen aldaketa etorri zen, baina horrek ere ez zuen gauza asko zuzendu. Emaitzak antzekoak ziren, gol asko jasotzen genituen...

Noiz etorri zen txip aldaketa?

Lehen fasea bukatzerako, azken hiru partidetan emaitza politak lortu genituen. Etxean irabazi egin genion Ariznabarrari, eta Vitoria eta Urduliz bezalako bi aurkari gogorren aurka berdinketak lortu genituen. Gero, bi astez jai izan genuen; izurria tarteko partidak atzeratzen baziren ere, tarte bat utzi zuten bigarren fasea hasterako. Bi asteburu horietan, taldeko planak egin genituen: batean Xoxotera joan ginen, eta bestean bazkaria egin genuen. Uste dut horrek taldea asko batu zuela. Dena den, nire iritziz, taldeak momentu oro bere ahalmenean sinestea eta aldagelako giroa izan dira gakoak. Momentu txarrenetan ere, haserrerik ez da egon taldekideon artean; entrenamenduetako betiko tirabiraren bat bai, baina haserrerik ez. Sekulako giroa daukagu, eta hori izan da niretzako gako nagusia. Dena dela ere, harrigarria da ia partidarik ez irabaztetik zortzi segidan irabaztera igaro izana.

Konfiantza hartzeko, emaitzak falta zenituzten?

Ziurtasuna emaitzek ematen dute. Galdu eta galdu ari zarenean, konfiantza dena galtzen duzu. Entrenatzaileak zera esan zigun behin: aldartea dela futbola. Eta hala da. Guri emaitza on batzuek dena aldatu digute: zeure buruarekin konfiantza berreskuratzen duzu, ondokoarekin... denekin. Lehen pentsatzen genuen inori ezin geniola irabazi, eta orain pentsatzen dugu inoren kontra ezin dugula galdu.

Beraz, garbi dago buruak asko eragiten duela.

Dena. Burua eta aldagelako giroa; horiek dira garrantzitsuenak.

Denboraldiko zatirik handienean, mailari eustea izan duzue helburu. Hurrengo sasoian, helburu anbiziotsuagorik jartzeko moduan izango al zarete?

Aurreko denboraldian, esan daiteke COVID-19agatik salbatu ginela; izan ere, hamar partidaren faltan, jaitsiera postuan geunden. Lau partida bakarrik irabazi genituen urte osoan. Aurten, egia esan, hasierako helburua ez genuen markatu, baina gure nahia aurreneko sei postuetan sailkatzea izan da, talde horiek denboraldi erdirako mailari eustea lortzen zutelako, eta gainera, igoera fasean lehiatzeko aukera izango zutelako. Baina hasi genuen bezala hasi genuen denboraldia, eta bukaerarako ahalik eta puntu gehien biltzea izan da asmoa, bigarren fasera ahalik eta egoera onenean iristeko. Izan ere, lehen fasean lortutako puntu kopuruak balioa zuen bigarren fasean. Bigarren fasea bederatzigarren postuan hasi genuen, eta mailari eusteko, lehen lauretan egin beharra genuen. Pentsa, orain aurrena goaz, eta lortu dugu salbazioa. Hurrengo urtera begira, ez dakit zer helburu jar daitekeen, baina nik uste dut gutxiago sufritzea izango dela helburuetako bat behintzat. Eta gozatzea ere bai; izan ere, aurten hain gaizki pasatu dugu... Hurrengo urtea urte lasaiagoa izatea gustatuko litzaidake.

Larunbateko ospakizunetan gogoan izan zenuten Ugaitz Kerejeta zuen taldekide ohia. Uste duzu hark eman dizuela zulotik ateratzeko indarra?

Beti presente egon da Ugaitz. Xoxotera egin genuen buelta hartan ere, bere omenez landatuta dagoen zuhaitza bisitatu genuen, gure banderola jarri genion... Momentu hunkigarria eta polita izan zen. Urte osoan egon da gurekin. Anekdota bat kontatuko dut. Garmendipeko aulkien artean, ezkerrekoa izan da beti etxekoena, eta eskuinekoa kanpokoena. Dena den, eskuinekoan leku gehiago dago, eta denboraldi hasieran aulkiz aldatu ginen, Ugaitzen argazkia eta kamiseta jarri nahi genituelako eta aulki hartan leku gehiago zegoelako. Baina emaitzak hain txarrak zirenez, Ugaitz mugitzea erabaki genuen, eta bai bera, bai gu, lehengo aulkira itzuli ginen. Esan daiteke horrek lagundu digula, Ugaitzek lagundu digula; horretan ez dago zalantzarik.

Anaitasuna mailaz igo zen iaz, eta sekulako denboraldia egin du. Lagun Onakek, berriz, urte ugari daramatza Espainiako Hirugarren Mailan, eta ez du halako mailarik erakutsi. Hurrengo urtean errebantxa tokatuko al da?

Aurten bi aldiz irabazi digute, eta hurrengo urtean, denboraldi hobea egiteaz gain, azkoitiarrei irabaztea ere izango dugu helburuen artean. Espero dut ikusleekin askoz ere politagoak izango direla hurrengo urteko derbiak. Aurten beste urteetako tentsio bera izango dugu derbietan, baina jendearekin ederragoak izaten dira halako partidak. Eta zorionak eman nahi dizkiet azkoitiarrei, sekulako denboraldia egin dutelako, eta merezimendu guztiarekin lortu dituztelako lorpen guztiak. Ez dira igo, baina lortu dutena txalotzekoa da.