Koronabirusa Azpeitian

Zazpi positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian, azken astebetean egun bakarrean izan den kopuru handiena

IƱigo Gaiton 2021ko eka. 2a, 13:26

354,80ra igo da intzidentzia metatuaren tasa. 32 positibo atzeman dituzte azken orduetan Urola Kostan. Izurriaren egoeraren hoberanzko joerak etena izan zuen lehengo astearen amaiera aldera, eta zenbakiak okerrera egiten hasi dira eskualdean.

Azken astebetean egun bakar batean zenbatutako positibo kopuru handiena, zazpi, azaleratu zuten atzo Azpeitian COVID-19a atzemateko eginiko PCR eta antigeno probetan. Eremu laranjan jarraitzen du herriak eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak gora egin du, gainera, 354,80raino.

Eusko Jaurlaritzak duela minutu gutxi eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta horren arabera, 32 positibo izan dira Urola Kostan atzo egindako probetan. Izurriaren egoeraren hoberanzko joerak etena izan zuen lehengo astearen amaiera aldera, eta zenbakiak okerrera egiten hasi dira eskualdean. Azkoitian 10 kasu positibo detektatu dira azken orduetan, eta hura izan da Urola Kostan positibo gehien izan den udalerria. Eremu gorrian jarraitzen du herriak, baina intzidentzia tasa zertxobait apaldu da; 484,02 izatetik 458,98ra jaitsi da, hain zuzen ere. Zarautzen sei positibo detektatu dituzte, eta intzidentzia tasa 192,74tik  214,16ra igo da. Orion azken egunetako positibo kopururik altuena detektatu dute, bost, eta bikoiztu egin da tasa: 163,08 da gaur-gaurkoz, eta eremu horian dago herria. Zumaian lau izan dira positiboak, eta han ere igo egin da intzidentzia tasa, 111,94tik 152,64ra.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da positiborik izan, eta intzidentzia tasa hutsean dute guztiek, Getariak (70,67) eta Zestoak (179,76) izan ezik.

424 positibo Hego Euskal Herrian

8.734 proba egin ziren atzo Hego Euskal Herrian, eta guztira 424 lagunek eman zuten positibo. Herenegun baino 13 gehiago izan dira. Araban 45 detektatu dituzte, Bizkaian 178, Gipuzkoan 110, Nafarroan 86, eta lurralde horietatik kanpo bizi diren lagunen artean 5.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo koronabirusak jotako 45 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Denera, 164 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 89 ZIUetan.