Azkue literatur sari bana jaso dute Maria Illarramendik, Elene Aizpuruak eta Irati Hierrok

Julene Frantzesena 2021ko eka. 2a, 09:58
Azkue sarien irabazleak nahiz sustatzaileak atzo, Bilboko Plaza Berrian. (Euskaltzaindia)

10 eta 13 urte bitartekoen narrazioen saileko lehen saria eskuratu du Urola Ikastolako Maria Illarramendik, eta bigarrena, berriz, Iraurgi Ikastetxeko Elene Aizpuruak. Adin tarte horretako poesia saileko garailea izan da Urola Ikastolako Irati Hierro.

2020ko Resurreccion Maria Azkue literatur sariak banatu zituzten atzo, asteartea, Euskaltzaindiak eta BBK-k Bilbon, eta hiru azpeitiarrek sari bana jaso dute. Urtero legez, narrazio nahiz poesia lanak saritu dituzte, umeen eta gazteen artean literatura zaletasuna eta euskaraz idazteko ohitura sustatzeko xedez.

10 eta 13 urte bitartekoen narrazioen saileko lehen saria eskuratu du Urola Ikastolako Maria Illarramendik, Argi izpiak lanari esker; sail bereko bigarren saria, berriz, Iraurgi Ikastetxeko Elene Aizpuruarentzat izan da, Abandonatutako estazioaren kondaira lana tarteko. Gainera, Urola Ikastolako Irati Hierrok 10 eta 13 urteko ikasleen poesia saileko lehen saria eskuratu du Insomnio gauak lanarekin.

Aurtengoan 353 lan aurkeztu dituzte Resurreccion Maria Azkue literatur sarietara. Epaimahaikideek azaldu dutenez, "ezuste handia" hartu dute aurtengo parte-hartzaileen heldutasunagatik. A mailan, 10 eta 13 urte bitartekoenenean, gaiak jorratzeko joera "positiboagoa" nabarmendu dute horiek: "Bizitza, itxaropena, etorkizuna... nagusitu dira idatzietan". B mailan, berriz, 14 eta 17 urte bitartekoenean, "bizitza kontatzeko grina" sumatu dute epaimahaiko kideek. "Bizirik daudela oihukatu dute. Idazle gazteak ahalegindu dira kontatzen, esaten, aldarrikatzen, aitortzen". Haien arabera, jaso dituzten narrazio nahiz poesia lanak "sakonak eta ausartak" dira.