Jagoba Labaka izango da Azpeitiko ordezkaria erremonteko Sagardoaren XI. Txapelketaren finalean

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 1a, 15:48
Jagoba Labaka, Erremonteko Binakako Txapelketaren azken finalean. (Oriamendi)

Ansarekin bikotea osatuta, Goikoetxeari eta Joxin Aizpuru herrikideari 30 eta 22 irabazita lortu zuen txartela atzo, Galarretan jokatuko finalaurrekoan. Urrizaren eta Zalduaren kontra jokatuko dute finala Ansak eta Labakak, datorren astelehenean.

Atzo jokatu zituzten Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan erremonteko Sagardoaren XI. Txapelketaren bi finalaurrekoak. Horietako bigarrenean, Jagoba Labaka eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a atzelari azpeitiarrak elkarren kontra lehiatu ziren, eta Labakak lortu zuen finalerako txartela.

Ansak eta Labakak (Setien sagardotegia ordezkatuz) 30 eta 22 irabazi zieten finalaurrekoan Goikoetxeari eta Aizpururi (Gurutzeta sagardotegia), eta Urriza eta Zaldua (Bereziartua sagardotegia) izango dituzte aurkari datorren astelehenen gauean, ETB1eko Erremontari saioaren barruan, jokatuko den finalean. Larrañagari eta Segurolari tantu bakarraren aldearekin (30-29) lortu zuten finalera sailkatzea Urrizak eta Zalduak.

Urteko hirugarren finala

Partidarik galdu gabe iritsi dira Ansa eta Labaka finalera. Azpeitiarrarentzat, urteko hirugarren finala izango da ekainaren 7koa. Urte hasieran, Urrizarekin batera, Erremonteko Binakako 50. Txapelketa irabazi zuen; martxoan, berriz, Oriamendi Txapelketan txapeldunorde izan zen Labaka, Goikoetxearekin.