Koronabirusa Azpeitian

Bi positibo zenbatu dituzte herrian

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 1a, 13:09

Bi positibo berri zenbatuta, zertxobait behera egin du Azpeitiko 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak; atzo 348,23koa zen tasa hori, eta gaur-gaurkoz 335,09koa. Urola Kostan gora egin du positibo kopuruak: guztira, 21 kasu atzeman zituzten atzo.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri ditu koronabirusari lotutako datuak, eta bi positibo berri zenbatu zituzten atzo herrian. Gaur-gaurkoz, 335,09koa da Azpeitiko intzidentzia tasa, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak. Atzo 348,23koa zen intzidentzia tasa, eta, beraz, zertxobait behera egin du kopuruak.

Urola Kosta eskualdean, guztira, 21  positibo baieztatu zituzten atzo. Positibo kopuruak gora egin du; izan ere, asteburuko hiru egunetan 22 kasu zenbatu zituzten bailaran, eta atzo, egun bakar batean, 21. Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien: zortzi, hain zuzen ere. Hori horrela, intzidentzia tasak apur bat gora egin du kostako herri horretan: 192,74koa da zifra hori egun, eta 167,05koa zen atzo. Azkoitia da eskualdeko herrien artean egoera okerrena duena, beste egun batez: zazpi kasu zenbatu zituzten atzo, eta 484,02koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz, bezperan baino zertxobait altuagoa –458,98koa zen kopurua atzo–. Herri horrek eremu gorrian jarraitzen du; Urola Kostako herrien artean eremu gorrian dagoen herri bakarra da. Zumaian beste lau positibo zenbatu zituzten atzo, eta 111,94koa da hango intzidentzia tasa; gora egin du kopuruak han ere, atzo 81,41ekoa baitzen tasa.

Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, ez dute positiborik zenbatu, eta 200eko langatik behera daude intzidentzia tasa guztiak.

Hego Euskal Herrian, positiboak gora

Hego Euskal Herrian, 10.694 proba egin zituzten atzo, eta, guztira, 411 pertsonak eman zuten positibo. Nabarmen egin du kopuruak gora; izan ere, igandean 301 kasu atzeman zituzten lau lurralde horietan. Bizkaian 169 positibo zenbatu zituzten atzo, Gipuzkoan 136, Araban 31 eta Nafarroan 67. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi lagunek ere eman zuten positibo.

Ospitaleetako egoerari dagokienez, 39 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren mendeko ospitaleetan. Gaur-gaurkoz, guztira 256 pertsona daude ospitalean COVID-19ak jota, eta horietatik 94 ZIUetan daude.