Azpeitiak eta Hernanik bihar jokatuko dituzten Herriarteko partidak, zuzenean

Julene Frantzesena 2021ko eka. 3a, 08:30
Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte neurketak.

Final laurdenetako itzulerako partidak jokatuko dituzte bi herriek bihar, ostirala, eta garailea hurrengo fasera sailkatuko da. Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan ikusi ahal izango da jaialdia, 18:30ean hasita, eta zuzeneko emankizunean Koldo Aldalur kazetaria eta Jon Alberdi pilotari profesionala ariko dira esatari lanetan.

Azpeitiak eta Hernanik bihar, ostirala, jokatuko dituzte Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final laurdenetako itzulerako partidak Izarraitz pilotalekuan, eta Uztarria.eus-ek eta Erlo Telebistak horiek zuzenean eskainiko dituzte horiek. 18:30ean hasiko da jaialdia, eta zuzeneko emankizunean Koldo Aldalur kazetaria eta Jon Alberdi pilotari profesionala ariko dira esatari lanetan. Gainera, etzi, zapatua, berriz emango ditu partidak Erlo Telebistak, eta Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango dira.

Azpeitia 2 eta 1eko abantailarekin aterako da frontoira bihar; izan ere, joan zen astean jokatu zituzten joaneko partidetako bi irabazi zituzten Ilunpeko pilotariek. Zehazki, kadeteek 7 eta 22 irabazi zuten; jubenilek 10 eta 22 garaitu zuten Hernani; eta seniorrek 22 eta 16 galdu zuten. Bihar erabakiko da, beraz, Azpeitia edo Hernani zein sailkatuko den finalerdietara.

Honako pilotari hauek aterako dira kantxara bihar, Azpeitia ordezkatzera: kadeteetan, Labaka eta Egiguren; jubeniletan, I. Egiguren eta Labaka; eta seniorretan, Alberdi eta Uzkundun.

Biharko partidak jokatuta, Azpeitiak aurrera egiten badu, hurrengo kanporaketetako etxeko norgehiagokak ere zuzenean ikusi ahal izango dira bai Uztarria.eus-en, bai Erlo Telebistan. Finalerdietara sailkatzen bada, joaneko neurketak jokatuko ditu etxean Azpeitiak, eta horiek ekainaren 12an izango dira. Kanporaketa horiek denak gainditzen dituzten bi taldeek ekainaren 26an jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala.