Azpeitiak 1-2 irabazi dio Hernaniri Herriartekoaren final laurdenen joanekoa

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 31a, 09:09

Kadeteak 7-22 nagusitu ziren eta jubenilak 10-22; seniorrek, aldiz, 22-16 galdu zuten. Itzulerako partidak ostiral arratsaldean jokatuko dituzte Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, horiek ere Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan zuzenean ikusteko aukera izango da, 18:30ean hasita.

Final zortzirenak aise gaindituta, eskuzko Herriartekoaren final laurdenen lehian dira Azpeitiko pilotariak, eta atzo arratsaldean jokatu zituzten joaneko hiru partidak Hernanin. Txapelketak aurrera egin ahala, maila igotzen ari dela nabari da, ez baitziren Oñatiren kontra bezain erraz ibili. Hala ere, kanporaketa bideratuta utzi zuten Ilunpeko pilotariek: 1-2 irabazi zioten Hernaniri.

Kadeteetan, 7-22 nagusitu ziren Urtzi Egiguren eta Eneko Odriozolak azpeitiarrak; jubeniletan, 10-22 irabazi zuten Iker Egiguren eta Josu Labaka azpeitiarrek; seniorretan, ostera, 22-16 galdu zuten Daniel Murgiondok eta Unai Alberdik.

Itzulerako partidak ostiral arratsaldean jokatuko dituzte Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta final zortzirenetako itzulerako partidak bezala, horiek ere Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan zuzenean ikusteko aukera izango da. 18:30ean hasiko da jaialdia. Gainera, ostiral gauean, 22:00etan, partidak berriz emango ditu Erlo Telebistak.