Julen Egiguren: "Berdin zait faboritoa bera izatea, nik irabaztea nahi dut eta nirea egitera irtengo naiz"

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 30a, 19:12
Julen Egiguren, artxiboko irudian.

"Oso gustura" dago Julen Egiguren (Azpeitia, 2000), eta badu horretarako arrazoirik. Herenegun finalaurrekoan Erasuni irabazita, Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatuko du pilotari azpeitiarrak datorren zapatuan, Iruñeko Labriten, Pello Etxeberriaren kontra. Aurkaria izango da faborito, baina "txapelaren bila" joango da Egiguren.

Final laurdenetan Alberdi partida zail batean kanporatuta, partida gogorra jokatuta eta dezente sufrituta gainditu zenuen Erasun finalaurrekoan. Nola bizi izan dituzu bi partida horiek?

Jonen kontrakoa partida nahiko gogorra izan zen. 22-17 irabazi nuen azkenean, baina ni baino hobeto hasi zen bera; erditik aurrera ni ibili nintzen bera baino hobeto, abantaila ateratzen joan nintzen eta horregatik irabazi nion, baina partida gogorra egin genuela esango nuke. Aste honetakoa, berriz, are gogorragoa izan da, emaitzari begiratzea besterik ez dago, 22-21. Gainera, buruz burukoa izateko pilotakada asko jo genituen. Partida ia osoa atzetik joan nintzen, baina aukerak ikusten nituen; ez nintzen hain ondo ari eta, hala ere, lau bost tantora nengoen, hortxe. Pixka bat hobeto eginez gero irabazi nezakeela pentsatzen nuen, eta uste dut erditik aurrera hori gertatu zela; hobeto jokatzen hasi nintzen eta partida gogortu egin zen. Gero, 21 eta 19 gindoazela saketik falta egin nuen, akats handia, eta hortik aurrera oso urduri jarri nintzen, partida eskura izanda, huts horregatik galtzeko arrisku handia izan nuelako. Azkenean, zorte pixka batekin irabazi egin nuen, eta gustura.

Lau eta erdikoaren finala jokatu zenuen abenduan, eta orain kantxa osoko buruz burukoarena jokatzera zoaz. Banakako lehietan eroso sentitzen zarela esan al daiteke?

Momentuz, baietz esan daiteke. Denbora gutxian bi finaletara ailegatu naiz eta biak banakako txapelketetan izan dira, eta aurreko urtean finalerdietara ere iritsi nintzen beste batean. Orain arte, buruz buru jokatu ditudan txapelketa guztietan gustura sentitu izan naiz. Binaka jokatu ditudan bi txapelketetan, aldiz, ez dut emaitza onik lortu, eta, egia esan, ez naiz oso gustura sentitu neure jokoarekin.

Hala ere, binaka aritzen zarete gehienetan. Buruz burukoa prestatzeko tarterik hartzen al duzue?

Denbora gehiegirik ere ez dugu izaten buruz burukoak prestatzeko; aste bat edo pare bat aste, normalean. Baina izaten ditugun aste horietan denok ere ahalik eta ondoen prestatzen saiatzen gara, badakigulako buruz buruko partidak bereziki gogorrak izaten direla eta sasoian egotea komeni dela.

Pello Etxeberria izango duzu aurkari zapatuko finalean. Nola definituko zenuke nafarra pilotari gisa?

Erritmo handia jartzen duen pilotaria da Pello, oso zaila izaten da partida osoa hark ezarritako erritmoan jokatzea, oso nekagarria da, baina bera ohituta dago erritmo horretan jokatzen, eta ez ha horrenbeste nekatzen. Maila oso altuan dagoela uste dut. Bigarren mailako txapelketa jokatzen ari da, baina uste dut aurten maila nagusikoa jokatzeko arazorik ez zukeela izango, ez behintzat bere mailari dagokionez. Badakit partida zaila dudala aurretik, baina ni nirea egitera irtengo naiz eta neure erritmoa ezartzen saiatuko naiz, beraren erritmoan zaila izango da-eta irabaztea. Neure egiten badut, aukerak hor egongo dira.

Finalean Etxeberria izango da faboritoa. Presio gutxiagorekin kantxaratuko al zara?

Argi dago faboritoa bera dela, eta presioa norbaitek edukitzekotan, alde horretatik, berak izango du. Baina berdin zait faboritoa bera izatea, nik irabaztea nahi dut eta nirea egitera irtengo naiz.

Lau eta erdiko finalaren atarian, zure ametsa txapel bat lortzea zela zenion. Orduan ez zen posible izan eta bigarren aukera izango duzu orain.

Denon ametsa da maila honetara iristea eta hemen txapelen bat irabaztea. Orain dela urte erdi aukera bat izan nuen eta zen batere ondo irten. Orain beste auketa bat iritsi zait eta gogotsu nago. Aste honetan ahalik eta ondoen prestatuko dut finala, eta helburua lortzen badut, oso pozik.

Zer plangintza duzu finalaren aurreko asterako?

Ez dut uste ezer berezirik egingo dudanik. Frontoian entrenamendu gogor bakarra egitea da nire asmoa; entrenamendu fisiko pixka bat eta frontoian beste saio arinen bat egingo ditut horrez gain.

Koronabirusa dela-eta urtebete pasa bada frontoietan ikuslerik ez dela sartzen. Nolakoa da ateak itxita jokatzea? Ohitu egin al zarete?

Hasieran oso-oso arraroa egiten zen. Oso hotzak izaten dira partidak, frontoian oso jende gutxi egoten da, eta ikusleen berotasuna eta sortzen zen giroa falta dira. Hala ere, denbora dezente daramagu jada egoera honetan jokatzen, eta ez dut esan nahi ohitzen ari garenik, ez litzaidake-eta gustatuko honetara ohitzea. Ea uda honetan, edo lehenbailehen, jendeak berriro frontoietan sartzen hasteko aukera izaten duen.

Jon Alberdik binakako txapelketa irabazi du, zu bigarren finala jokatzera zoaz, eta elkarren kontra aritzea ere tokatu zaizue behin baino gehiagotan. Girorik sumatzen al duzu herrian?

Azpeitia beti izan da pilotazalea. Orain, bi pilotari gaude profesionaletan eta uste dut jendeak jarraitzen gaituela. Zapatuko finalerako animoak ematen ari zaizkit kalean, beraien ustez zer egin beharko nukeen eta zer ez aholkuak ere ematen dizkidate. Nik gustura entzuten ditut, eta gero neure ondorioak ateratzen ditut.

Ekainean bi urte beteko dira profesionaletan debuta egin zenuenetik. Nola baloratzen duzu orain arteko zure ibilbidea maila gorenean? Aldatu al da Eibarko Astelenan debutatu zuen pilotari hura?

Zerbaitetan hobetu banaiz, arlo fisikoan izan dela esango nuke. Orain dela bi urte iharragoa nintzen, orain pisu pixka bat hartu dut. Alderdi fisikoari garrantzi handiagoa eman diot azken bi urteotan, argi baitago maila honetan lehiatzeko fisikoki ere indartsu ego beharra dagoela. Pixkanaka-pixkanaka, uste dut gauzak ondo egiten ari naizela, eta saiatzen naiz hobetzen.

Azpeitiak Gipuzkoako Herriartekoa irabazi zuen azken aldian taldean zinen zu. Aurten, anaia Iker Ilunperen taldean dago, jubeniletan.

Herriartekoa txapelketa polita da berez, eta zeuk edo ingurukoren batek parte hartzen duenean are eta ikusmin handiagoarekin jarraitzen duzu. Oso oroitzapen onak gordetzen ditut Herriartekoaz, urte askotan jokatzea tokatu zitzaidalako eta, gainera, emaitza oso onak lortu genituelako urte horietan. Aurten anaia ari da jokatzen, ea nik izan nuen bezalako zorte ona duen ea lan ona egiten duten, berak eta talde osoak, eta ea Azpeitiak berriro txapela lortzeko aukerarik duen.