Lagun Onakeko emakumeak Euskal Ligara igotzeko finaletik kanpo gelditu dira

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 29a, 18:37
Lagun Onaken hasierako hamaikakoa gaur AƱorgan. (Lagun Onak FT)

Añorgan 2 eta 1 galdu dute azpeitiarrek igoerarako kanporaketaren itzulerako partida.

Euskal Ligara igotzeko finalaren atarian gelditu da Lagun Onaken emakumeen talde nagusia. Gaur jokatu dute azpeitiarrek igoera faseko finalaurrekoaren itzulerako partida Añorgan, eta 2 eta 1 galdu dute. Joan den asteburuan, Garmendipen jokatutako kanporaketaren joanekoan, 4 eta 3 irabazi zion Lagun Onakek Añorgari; beraz, garaipenetan eta gol kopuruan berdinduta bukatu dute kanporaketa bi taldeek, baina añorgarrek etxetik kanpo gol gehiago sartu zituzten, eta, horrenbestez, haientzat izan da finalerako txartela.

Zuritik beltzera egin du gaurko partidak Lagun Onakentzat. Izan ere, neurketa hasi eta berehala, lehen minutuan, Joanek 0 eta 1ekoa jarri du markagailuan. 21. minutura arte iraun dio abantailak Unai Urbizuk zuzendutako taldeari. Banakoa egin du minutu horretan Añorgak, baina Lagun Onakentzat berdinketa ere emaitza bikaina zen, nahikoa baitzuen finalean sartzeko helburua erdiesteko. Hala ere, Añorgari sekulako indarra eman dio berdinketaren golak, eta atsedenedaldira bitartean sufritu beharrean izan da Lagun Onak aldekoa zuen emaitza mantentzeko.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, 1 eta 2koa egiteko aukera ona izan du Maitek, baina kanpora joan da haren jaurtiketa. Partida hasierako aldeko zorterik ez du izan Lagun Onakek atsedenalditik bueltan. Izan ere, lehen zatian berdinketaren ondoren izandako estuasunik pasatu ez arren, etxekoek izan duten lehen aukera probestu dute 2 eta 1eko gola egiteko, 65. minutuan. Kolpeari aurre egin diote nola hala azpeitiarrek, Jonek 71. minutuan izan du berdinketa lortzeko aukera, baina beste abagune argirik ez dute izan Lagun Onakekoek, saiatu diren arren.