Azpeitiko EAJk Corrugadosen proiektuaren "dokumentazio guztia" kaleratu du

Azpeitiko EAJk "ezinbestekotzat" jo du esku artean dituen "dokumentu guztiak" plazaratzea, "gardentasunez" jokatzeko. Alderdiak azpimarratu du agiri horiek "argi eta garbi" erakusten dutela "proiektua existitzen zela eta existitzen dela". Jeltzaleen arabera, "agerian geratu da aldeetako batek elkarlanari uko egiten dionean ezinezkoa" dela akordioak lortzea.

Corrugados auziari lotuta, Azpeitiko EAJk "ezinbestekotzat" jo du "proiektuari buruz dagoen dokumentazio guztia" azpeitiarren eskura jartzea. "Horrela, gardentasunez eta irisgarritasunez, herritar guztiek egiaztatu ahal izango dute Corrugados irekitzea posible zela eta dela, hasiera-hasieratik defendatu dugun bezala", gaineratu du alderdiak. Jeltzaleen arabera, gaur publiko egin dituzten dokumentu guztiak "udaletxean utzi ziren, udalbatzaren aktan jaso zitezen".

Hainbat agiri plazaratu du Azpeitiko EAJk: "Azpeitiko Plan Orokorraren laburpen bat, Amueko eremuari dagozkion punturik nagusienak nabarmenduz; Plan Orokor osoa; otsailaren 18an CL taldeak Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari eta Azpeitiko Udalari eskuz eman zien Negozio Plana; CL taldeak Azpeitiko alkateari bidali zion gutuna, lantegia berriz irekitzeko asmoa zuela adieraziz –gutun hori martxoaren 17an bidali zen eta erantzunik gabe jarraitzen du–; martxoaren 17an alkateari bidalitako gutunari erantsitako txosten juridikoa; udal idazkariak sinatutako txosten juridikoa, alkateak apirilaren 27ko Azpeitiko osoko bilkurara eraman zuena; eta maiatzaren 10eko osoko bilkuraren amaieran EAJk beste dokumentu batzuekin batera aurkeztu zuen idazkariaren txosten juridikoaren gehigarria". Honako helbide honetan ikus daitezke dokumentu horiek.

"Proiektua existitzen zen eta existitzen da"

EAJren arabera, dokumentu horiek denek "argi eta garbi" erakusten dute jeltzaleen ekarpen guztiak "dokumentu sendoetan oinarritutakoak" direla. Era berean, nabarmendu dute "jasota geratzen" dela "proiektua existitzen zela eta existitzen dela". Erantsi dute "ziurtatuta geratzen" dela enpresak udalari jakinarazi ziola "berriz irekitzeko asmoa" zuela eta "enpresa plana eman" ziola. "Antolamendu Plan Orokorraren barruan, lege irekiera bermatzen duten txostenak ere badaude", adierazi dute.

Azpeitiko EAJk esan du beren mozioak eta eskaintzak "irekitzaileak" izan zitezen saiatu direla. "Une oro, jarrera kolaboratzailea eta gardena izan dugu, Corrugados berriro irekitzeak gure ahalegin guztia merezi zuela uste dugulako. Baina, beste behin ere, agerian geratu da aldeetako batek elkarlanari uko egiten dionean ezinezkoa dela akordioak lortzea. Eta hori izan da, tamalez, Udal Gobernu taldearen erantzuna". Dena den, jeltzaleek azaldu dute ez dutela hori aldatuko den "itxaropena" galduko, eta lanean jarraituko dutela Corrugados enpresak "berriro ateak ireki ditzan".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide