Kirol Plana egiteko bidea hasi du Azpeitiko Udalak

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 29a, 09:20

Azpeitiak kirolaren eta jarduera fisikoaren arloan datozen urteetan izango dituen erronkak eta lan ildoak jasoko ditu Kirol Planak. Horretara iritsi aurretik, ordea, egungo egoeraren azterketa eta diagnostikoa egingo dituzte, besteak beste, herrian kirola eta jarduera fisikoa bultzatzen dituzten eragile guztiekin hitz eginda. Hamar bat hilabeteko prozesua izango dela aurreratu dute.   

Azpeitiak kirolaren eta jarduera fisikoaren arloan datozen urteetan izango dituen erronkak eta lan ildoak finkatzeko, Kirol Plana egingo du udalak. Plan estrategiko bat, baina soilik kirolaren eta jarduera fisikoaren esparruak kontuan hartuko dituena. Helburuak zehaztu ahal izateko, ordea, egungo egoera nolakoa den jakin beharko du aurrena: datuak bilduta, ahulgune eta indarguneak identifikatuta eta diagnostikoa eginda. Hamar bat hilabeteko lana izango dela aurreratu zuen Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburuak ostegun arratsaldean, Kirol Planaren nondik norakoak azaltzeko Basazabal jauregian egindako agerraldian. Alboan izan zuen Kirol Management enpresako Iban Amezketa, prozesua gidatzeaz eta lanketaren emaitza izango den Kirol Plana idazteaz arduratuko den enpresaren ordezkaria. 

Kirol Plana deitu arren, kirolaren eta jarduera fisikoaren arloak barnebilduko ditu planak, baina osasungarri diren partetik. "Jarduera fisikoa osasunera bideratutako ekintza da; kirolak, berriz, izan dezake alde osasuntsu bat, baina baita horren osasungarria ez den beste bat ere, lehiaketa izango litzatekeena". Beraz, kirolaren alde osasungarria eta, batez, ere, jarduera fisikoa izango dira udalak kontuan hartuko dituenak. Ikuspegi zabaldu beharraz ere jardun zuen Arrutik. "Jarduera fisikoa eta kirola, gehienetan, kirol praktika zehatzekin lotzen ditugu, izan korrika egitea, izan futbola… Baina hori baino askoz gehiago da berez. Adibidez, jarduera fisikoarekin egunerokorako gauza asko ikas ditzakegu: ondo esertzen, autobus batean egoki kokatzen…".

Herri ikuspuntutik, ideiak argi izatea beharrezkoa dela uste du Arrutik: "Filosofia bezala, garbi izan behar dugu kirolari zer leku eman behar dioun eta zer lortu eman nahi dugun. Azpeitian kirola egiten duen jende asko dago, baina egiten ez duena ere bai, eta garrantzitsua iruditzen zaigu herritar guztiek izatea jarduera fisikoa egiteko aukera eta gaitasuna". Hain zuzen, udalarentzat, hori izango litzateke erronka: "Erronka da herritarrak heztea beraien kabuz jarduera fisikoa egoki egiteko gai izan daitezen. Adibidez: eskola kirola bukatzen duen gazte batek edukitzea gaitasuna bere kabuz jarduera fisikoa egiteko". Arrutiren esanetan, jarduera fisikoa eta modu osasuntsuan egiten den ongizatearen zutabeetako bat dira, "osasunez ondo egoteak beste arlo denetan lagunduko digulako".  

Kirolaren eta jarduera fisikoaren arloaren ahalik eta argazki zehatzena egiteko, Arrutik ezinbesteko jo zuen "kirolak eragin dezakeen arlo guztiak aztertzea". Eta herriko kirol elkarteei egin zien aipamena: "Oso garrantzitsua da klubek honetan guztia eduki dezaketen papera. Batzuek kirola modu osasungarrian egiteko filosofia txertatuta dute dagoeneko, eta gainontzekoek ere gauza bera egingo balute, lortuko duguna da herri guztian kirola modu osasungarrian egin ahal izatea". 

Eragile guztiekin elkarrizketak

Jarraian, Amezketak hartu zuen hitza, zer eta nola egingo duten azaltzeko. "Lan honen helburua da herrian dauden giza baliabideen, baliabide materialen eta baliabide ekonomikoen kudeaketa egokitzea eta kirol eta jarduera fisikoaren antolaketa eta egituraketa hobetzea. Eta horretarako, herriko kirol eragileen, kirol instalazioen eta egoera sozioekonomikoaren analisia eta diagnostikoa egingo dugu, hortik ondorio batzuk ateratzeko, eta Azpeitiko jarduera fisikorako kirol plan bat idazteko". 

Herrian jarduera fisikoa eta kirol jarduerak bultzatzen dituzten eragile guztiekin bilduko dira: udal kirol zerbitzuarekin, klubekin, ikastetxeekin, kirol enpresekin, jubilatuen elkartearekin, Osakidetzarin, kirol orientazio zerbitzuaren arduradunarekin.... Eragile horietako bakoitzeko bakarkako elkarrizketa bat izango dute. "Behar ditugun datu guztiak eskatuko dizkiegu, ahulguneez eta indarguneez galdetuko diegu, ekarpenak egiteko eskatuko diegu eta iradokizunak ere jasoko ditugu". Pilatzen dituzten datu horiekin analisia eta diagnostikoa egingo dituzte, ondorioak aterako dituzte eta egindako lana atzera berriz eragileetako arduradunei aurkeztuko diete azken iradokizunak egiteko aukera izan dezaten.

Horrez gain, herriko kirol instalazioak eta bestelako kirolguneak aztertuko ditugu eta herriko sozioekonomikoa ere egingo dute. "Kirol agenteekin banan-banan hitz egiteko biltzen garenean, beste esparru horietaz ere galdetuko diegu, eta udaleko kirol sailarekin ere hasita gaude lanean azterketa hori egiteko".

Behin lan hori guztia egitean, datu objetibo horiek guztiak pilatzean eta ondo idaztean, udaleko arduradun tekniko eta politikoekin elkartuko dira, eta daukaten dokumentu horretatik abiatuta landuko dute hurrengo urteetarako Kirol Plana, ildo estrategikoak, jarduera ildoak eta aurrera eraman beharreko ekintzak zehaztuta.

Kirol Plana egiteko bidea ilusioz eta gogotsu hasi dutela adierazi zuen Arrutik. "Hilabete hauetan lan dezente egitea eskatuko digu, baina iruditzen zaigu etorkizunerako beharrezkoa izango dela". Orain egingo dute lanak etorkizuna markatuko duea uste du. "Urteak aurrera doazen eran, udalean dagoena dagoela ere, erabakiak hartu behar dituenak heldulekuak izango ditu eta norabidea zehaztuta izango du". Kirol planari egiten hastea momentu garrantzitsua da eta kirol sailean aritzen garenak ilusioz eta gogoz gaude.