Corrugados auzian Jaurlaritzak erakutsitako jarrera kritikatu dute LABek eta ELAk

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 27a, 18:02

"Gardentasuna" exijitu du LABek ohar bidez: "Alderdikeriak utzi eta mahai gainean jar dezatela aurkeztu omen den proiektua. Guk, ikusi arte ez dugu sinistuko". Mitxel Lakunza ELAren idazkari nagusiak, berriz, “kanpaina politiko” baten barruan kokatu du Azpeitiko lantegiaren inguruan sortu den ika-mika: "Arantxa Tapiaren eta Jaurlaritzaren asmoa izan da lehia politikoa piztea enplegua bezalako gai garrantzitsu batekin".

Corrugados Azpeitiaren balizko irekiera dela-eta piztu den eztabaidari batu zaizkio LAB eta ELA sindikatuak ere. Oharra plazaratu du LABek, eta Corrugadosen ingurukoak hizpide izan ditu Mitxel Lakunza ELAren idazkari nagusiak ETBn egin dioten elkarrizketa batean. LABek zein ELAren ordezkari nagusiak Eusko Jaurlaritzari eta Arantxa Tapia sailburuari zuzendu dizkiote beren kritikak Corrugados auzian izaten ari diren jarrerarengatik.

Ezin dugu utzi enplegu bat bera ere galtzen izenburuarekin atera du oharra LABek, Corrugados dela-eta azken asteetan Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak behin baino gehiagotan errepikatu dituen hitzak erabiliz, baina bestelako irakurketa bat eginez. "Azken egunetan sarritan galdetu digute Corrugados Azpeitiaren balizko irekieraren inguruan, eta LABek ezer gutxi esan du orain arte. Izan ere, nekez baloratu dezakegu ezagutzen ez dugun hura. Partaidetzaren aldarria hitzetik hortzera darabilte patronalek eta instituzioek, baina hitz hutsak besterik ez dira izaten. Corrugados Azpeitia irekitzeko ustezko proiektu horren berri ez zaie bertan lanean aritu ziren langileei eman, ezta sindikatuei ere. Langileon bizitzaren inguruan aritzen dira langileekin eta sindikatuekin kontatu gabe. Horregatik, gardentasuna exijitzen dugu: alderdikeriak utzi eta mahai gainean jar dezatela aurkeztu omen den proiektua. Guk, ikusi arte ez dugu sinistuko", dio LABek.

Jaurlaritzaren industria politika kritikatu du LABek, "propaganda bai, baina estrategiarik ez" duela salatuz, manufaktura lantegien zein diru publikoarekin sortutako proiektuen galera eta, Iberdrolarekin gertatu berria gogora ekarriz, "inbertsio berriak erakartzeko ahaleginak porrot esanguratsuak" izan dituela aipatuta. Horiek horrela, "egoeraren larritasunari aurre egin beharrean, interes partidistak gailentzen ari zaizkio industria politikari", LABen ustez, eta testuinguru horretan kokatu du sindikatuak Corrugadosekin gertatzen ari dena. "Harriduraz eta auzolotsaz entzun dugu Arantza Tapia existitzen ote den ez dakigun proiektu bateko lanpostuen defentsan", dio sindikatuak.

Corrugadosekin jarraituta, duela zortzi urteko kontuak ere aipatu ditu LABek, Gallardo Taldeak Azpeitiko lantegia itxi zuenekoak. "Azpeitian lanpostu duinak" zituen proiektua "bidegabeki" itxi zutela dio LABek, eta Jaurlaritzaren orduko jarrera salatu du: " Zer egin zuen Eusko Jaurlaritzak 300 lanpostu horien galera ekiditeko? Jaurlaritzaren kexu bakarra itxieraren berri aurretik jakin ez izana izan zen. Itxiera prozesuan langileei bizkarra eman zien gero".

"Gaur egungora itzulita, "lan erreforma industria ehuna suntsitzeko makina" dela dio, eta Jaurlaritzari beste galdera bat egiten dio: "Tubacex, Aernnova, ITP-Aero, Alestis... Non dago industriaren eta enpleguaren aldeko defentsa kasu horietan? Antza denez, Europako funtsetatik ekarpenak egin behar dizkie Jaurlaritzak enplegua suntsitzen duten enpresei. Enplegu horiek ez al dute balio?".

Lehia politikoa eta enplegua

Lakunzak ETBko Egun on Euskadi saioan hitz egin du gaur eta, besteak beste, Corrugados Azpeitiaz galdetu diote ELAren idazkari nagusiari. Sortu den ika-mika "kanpaina politiko" baten barruan kokatu du Lakunzak, eta Jaurlaritzari egotzi dio kanpaina hori bultzatzearen ardura. Lakunzarentzat, "Arantxa Tapiaren eta Jaurlaritzaren asmoa izan da lehia politikoa piztea enplegua bezalako gai garrantzitsu batekin".

Cristian Lay taldeak atzo esandakoei dagokienez, enpresak asmoa bazuela eta hori erakundeei helarazi ziela ez du zalantzan jarri ELAren buruak, baina ofizialki ezer ez duela aurkeztu adierazi du. "2013an EAJk eta EH Bilduk onartu zuten Corrugados herrigunetik ateratzea. Hori da orain arte dagoen akordio ofizial bakarra", nabarmendu du. Horren harira, Tapia Ingurumen sailburua ere badela gogorarazi du Lakunzak, eta esan du "bitxia" iruditzen zaiola duela zortzi urteko akordio hura adosteko kontuan hartu ziren irizpideak sailburuak orain alde batera utzi izana.