Koronabirusa Azpeitian

Lau positibo baieztatuta, zertxobait igo egin da intzidentzia tasa

Beste koska bat gora egin du Azpeitiko intzidentzia tasak eta 328,53koa da gaur. Eskualdean, berriz, zortzi positibo zenbatu dituzte guztira.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo lau kasu positibo hauteman zituzten herrian. Atzo bezala gaur ere, koska bat gora egin du intzidentzia tasak: 328,53koa da. Horrenbestez, eremu laranjan jarraitzen du herriak. Duela egun gutxi arte, eskualdeko herri handietan intzidentzia tasarik baxuena zuen Azpeitia. Azken egunotan, ordea, joera orokorra hobera egitea denean, kontrako bidea hartu du.

Urola Kostan, berriz, orotara zortzi positibo zenbatu zituzten atzo: aipatutako Azpeitiko lauak eta Zarautzen atzemandako beste lau. Azpeitiakoak ez bezela, beheranzko joerari eutsi egin dio Zarauzko intzidentzia tasak. 214,16koa zen atzo eta 205,59koa da gaur. Eremu horian dago kostako herria.

Eskualdeko gainerako herrietan, lasaitasuna nagusi, batere positiborik gabe. Horrek, intzidentzia tasak jaistea ekarri du. Azkoitia da eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra, 484,02ko tasarekin; Zumaiak horian, 152,64ko tasarekin; eta Oriok berdean, 32,62ko tasarekin.

Egoerak mantentzera egin du

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, orotara, 10.989 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 432eman zuten positibo. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (228), eta ondoren, Gipuzkoan (121), Nafarroan (52) eta Araban (29). Positibotasun tasak %5etik beherakoa izaten jarraitzen du: %4,3koa da da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta %2,4koa da Nafarroan.

Ospitaleetako egoerak hobera egiten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 302 dira COVID-19agatik ospitaleratuta dauden gaixoak, eta 111 pertsona ZIUetan daudenak. Nafarroako erietxeetan, berriz, 64 pertsona daude, eta horietako hamahiru eri ZIUetan daude.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide