Industria arloko zibersegurtasuna lantzeko saioa antolatu du Iraurgi Berritzenek ekainaren 1erako eta 2rako

Anartz Izagirre 2021ko mai. 26a, 10:15

Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroan (ZIUR) izango dira saioak, eta eskualdeko enpresei zuzendurik daude. Gipuzkoako industriak zibersegurtasun arloan duen egoera izango dute hizpide, besteak beste, jardunaldietan.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak (ZIUR) Zibersegurtasun Gosariak - Ikasiz 4.0 egitasmoko saio berri bat antolatu dute ekainaren 1erako eta 2rako. Joan zen martxoaren 3an egin zuten lehen saioa, eta oraingo honetan, ZIUR-en egoitzan izango da jardunaldia. Gipuzkoako industriak zibersegurtasunaren arloan duen egoera izango dute hizpide bertan, eta industria inguruneetan izan ohi diren ohiko eraso bat ere simulatuko dute. Horrez gain, eraso horietatik babesteko neurriak ere azalduko dituzte.

Zibersegurtasun Gosarien ekaineko saioa eskualdeko enpresei zuzendurik dago, eta bereziki, gai horretan interesa duten enpresetako kudeatzaileei, IT zuzendariei eta produkzio zuzendariei. Jardunaldietan interesa duten enpresek bi modu dituzte izena emateko: bbeobide@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita edo honako lotura honetako eskaera-inprimakia beteta. Iraurgi Berritzeneko kideak harremanetan jarriko dira jardunaldietan izena ematen duten enpresekin, horiek beren parte-hartzea baimendu dezaten. Era berean, saioan landuko den simulazioa enpresen beharretara egokitzeko saiakera egingo dutela jakinarazi du garapen agentziak.

Udazkenean, gehiago

Ekaineko saioaz gain, udazkenean Zibersegurtasun Gosariak - Ikasiz 4.0 egitasmoko beste bi saio antolatu dituzte Iraurgi Berritzenek eta ZIUR-ek. Alde batetik, Sareen segmentazioa saioa izango da, eta bestetik, Besteak: CISOS, CAPACITACION, CESO, IOT, CLOUD SOC OT saioa.