Malen Etxeak zaintza lanetan aritzen diren emakume migratzaileentzat harrera etxea irekiko du Azpeitian

Julene Frantzesena 2021ko mai. 25a, 09:38
Azpeitiko Udaleko eta Malen Etxeako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalarekin hitzarmena egin du Malen Etxeak, eta erakundeak etxebizitza bat utzi dio elkarteari, emakume horiei aterpea eta babesa emateko. Azpeitian eta inguruetan zaintza lanetan aritzen diren emakumeei zuzendutako etxea izango da, eta bost lagunentzat lekua izango du.

Zaintza lanetan aritzen diren emakume migratzaileei aterpea eta babesa emateko, etxebizitza baten lagapena egin dio Azpeitiko Udalak Malen Etxea elkarteari. Horrenbestez, Urola Kostako harrera etxeen sarean sartuko da Azpeitiko etxebizitza –Zumaian eta Zestoan ere badira halako etxeak–. Erdikalean dago kokatuta harrera etxea, eta bost emakume etorkin hartzeko ahalmena izango du; zehazki, Azpeitian eta inguruetan zaintza lanetan aritzen diren emakumeei aterpea emateko etxea izango da.

Udalaren Berdintasun Planean jasota dago emakume migratzaileen kolektiboari gizarteratzeko eta laneratzeko baliabideak eskaintzeko programak martxan jartzea, eta erakundeak azaldu duenez, horregatik sinatu dute Malen Etxearekin hitzarmena. "Zaintzan lanetan aritzen diren emakumeak une jakinetan lanik gabe eta bizitokirik gabe, oso egoera ahulean, gelditzen dira. Halako egoeren aurrean emakume horiek babestea eta beren bizi kalitatea hobetzea lortu nahi da hitzarmen honen bidez", adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Malen Etxeko harrera etxeen helburua da emakume etorkinen ahalduntzerako eta laneratzeko ingurune seguruak sortzea; izan ere, migrazio izaerarekin lotutako hainbat faktore direla eta, ahultasun egoeren eta lan esplotaziorako arriskuaren eraginpean daude. Udalak azaldu duenez, Azpeitikoa bezalako harrera etxeek etorkizuna proiektatzeko, prestatzeko eta lana baldintza duinetan bilatzeko aukera ematen duten espazioak dira.