Koronabirusa Azpeitian

Azken hiru egunetan beste sei positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Azpeitian

Intzidentzia tasa 302,23koa da Azpeitian, eta eremu laranjaren barruan dago kokatuta gaur-gaurkoz. Hego Euskal Herrian behera ari dira egiten positiboak; atzo 288 kasu baieztatu zituzten.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi ditu ostiraletik atzora bitartean egindako PCR eta antigeno testetan atzemandako kasu positiboak zenbat izan diren Azpeitian. Azken hiru egunetan sei kasu zenbatu dituzte; bi atzeman zituzten ostiralean, hiru larunbatean eta bat atzo. Eremu laranjaren barruko herria da gaur-gaurkoz Azpeitia, 302,23ko tasarekin.

Beheranzko joerarekin jarraitzen dute Urola Kostako positibo kopuruek. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta joan zen asteburutik kutsatzen kurba jaisten ari da pixkanaka-pixkanaka. Guztira, 26 positibo berri atzeman dituzte eskualdeko herrietan azken hiru egunetan —joan zen asteburuan 37 izan ziren—, eta kasu horien erdiak  Zarautzen izan dira, hamahiru kutsatzerekin; ostiralean bat, larunbatean hiru eta atzo bederatzi.  Edonola ere, Urola Kostako herririk handienean nabarmen egin du behera 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak, eta gaur-gaurkoz 214,16koa da; oraingoz eremu horian dago.

Zarautzen ondoren, Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehien: sei positibo. Lau kasu hauteman zituzten ostiralean, larunbatean batere ere, eta atzo bi. Joan zen asteburuarekin alderatuta, Azkoitiko intzidentzia tasa ere beheraka hasi da, eta une honetan 500,71n kokatu da, ia ehun puntu jaitsita  –597,47koa zen aurreko astelehenean–. Hala ere, eremu gorrian jarraitzen du. Azpeitian hautemandako sei kasuei dagokienez, bi ostiralean izan ziren, hiru larunbatean eta bat atzo, eta eremu laranjan jarraitzen du 302,23ko intzidentzia tasarekin. Azkenik, Zestoan kasu bat detektatu zuten larunbatean, eta bere positibotasun tasa 282,449koa da.

Gainerako herrietan ez da positibo kasurik izan asteburu osoan, eta horren eragina izan du zalantzarik gabe intzidentzia tasa metatuan ere. Orio, esaterako, eremu berdean sartu da, eta bere tasa 16,31koa da, eta Zumaia eremu horian dago, 193,34koarekin. Beste udalerriak inolako eremu kritikotan ez zeuden arren, beraien intzidentzia tasak ere nabarmen egin dute hobera: Aian 50,38koa da, Aizarnazabalen 130,04koa, Getarian 106,01koa eta Errezil 1127,21. Beizaman intzidentzia tasarik gabe jarraitzen dute.

Hego Euskal Herrian, hobera

Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian kutsatzeek beherantz egin dute. Lau lurraldeetan, guztira, 6.345 PCR eta antigeno egin zituzten atzo, eta horietatik 288 izan ziren positiboak.  Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien (125), eta ondoren, Gipuzkoan (88), Nafarroan (47) eta Araban (25). Positibotasun tasari dagokionez, %4,6 izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,2 Nafarroan.

Ospitaletako egoerak ere nabarmen egin du hobera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, guztira, 214 pertsona daude COVID-19 gaitzagatik, eta ZIUetan, 124. Nafarroako Gobernuak ez du oraindik eman ospitaleratzeei buruzko datu eguneraturik.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide