Lau atxilotu, bart Azpeitian izandako istiluetan

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 23a, 12:46

Ertzaintzak jakinarazi duenez, lau izan dira atxilotutako gazteak; 19 urteko, 18 urteko, 15 urteko eta 14 urtekoak, hain zuzen. Atxilotutako zenbaitek Zarauzko komisaldegian igaro dute gaua, baina dagoeneko askatu dituzte. Uztarriak jakin ahal izan duenez, gainera, hainbat dira gertakarietan zauritutako gazteak. Gaur arratsalderako elkarretaratzea deitu dute 18:30ean, plazan.

Istiluak izan dira bart Izarraizko Atea parkearen inguruan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, lau izan dira atxilotutako gazteak; 19 urteko, 18 urteko, 15 urteko eta 14 urtekoak, hain zuzen. Desordena publikoa egotzita atxilotu dituzte. Atxilo eraman zituzten gazteetako batzuk Zarauzko komisaldegian igaro dute gaua, baina dagoeneko aske utzi dituzte. Uztarriak jakin ahal izan duenez, gainera, hainbat dira gertakarietan zauritutako gazteak. 

Gauerdia jota hasi ziren istiluak Izarraizko Atea parkean, Ertzaintza lekura bertaratu zenean. Ordurako jende ugari zegoen Ikasberriko aparkalekuan nahiz Izarraizko Atea parkean. Han zeuden gazteetako batzuk aurre egin zieten ertzainei, hainbat objetu jaurtiz. Ertzainak lekutik alde egin eta minutu gutxiren buruan itzuli ziren lekura. Ordurako Izarraizko Atea parkaren inguruan ziren beste hainbat ertzain auto eta furgoneta ere. Gazteek aurre egin zieten ertzainei, eta orduan lehertu ziren istiluak.

Ertzaintzak kaleratu duen oharrean adierazi duenez, "300-400 pertsona inguru zeuden ikastolako aparkalekuan, alkohola edaten, musika ozen jarrita eta bengalak piztuta". Hain zuzen, "makrobotiloi" gisa izendatu dute atzokoa, eta esan du han zeuden gazteek "harriak, boteilak eta bengalak" bota zizkietela ertzainen kotxeei, horietako bati aurreko kristala hautsiz. Era berean, istiluak tarteko, hiru ertzain arin zauritu zirela jakinarazi dute. Ertzaintzak Uztarria.eus-i esan dionaren arabera, agenteek defentsak erabili behar izan zituzten lekua desalojatzeko. Besteak beste, mota desberdinetako foam jaurtigaiak baliatu zituzten gazteak sakabanatzeko.

Istiluak ez ziren han amaitu. Ertzainek Sanjuandegira jo zuten jarraian, eta han ere gazteen kontra jo zuten. Ertzaintzaren arabera, 01:30 aldera atxilotu dute 18 urteko gaztea, aurrez izandako istiluekin lotuta.  Atxiloketaren harira, are gehiago berotu zen giroa, eta Ertzaintzaren arabera, gazteek hainbat objektu jaurti zizkieten ertzainei. Poliziek jakitera eman dutenez, orduan atxilotu dituzte 14 eta 15 urteko gazteak. 

Erreakzioak segidan

Gertakariaren eta ondorengo uneen hainbat bideo zabaldu dira sare sozialetan, eta izan dira gertatutakoa salatu dutenak ere. Urola Erdiko GKSk eta Azpeitiko Ernaik, adibidez, Ertzaintzaren jarrera salatu dute Twitterren, baita Azpeitiko EH Bilduk ere. Azpeitiko EAJk, berriz, "gogor" salatu ditu bart jazotako gertaerak.

Atzoko gertaerak salatzeko elkarretaratzea deitu dute hainbat herritarrek gaur arratsalderako. Jazarpen polizialik ez! Burgesiaren erasoaldia gelditu lelopean deitu dute kontzentrazioa plazan, 18:30ean. Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak, Azpeitiko Ernaik, Azpeitiko EH Bilduk, Azpeitiko Gaztetxeak nahiz Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bat egin dute deialdiarekin.