21. Sare Eguna, ekitaldi desberdinak baina aldarrikapena berbera

Julene Frantzesena 2021ko mai. 22a, 15:03

Azpeitiko Sarek euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen eskubideak aldarrikatu ditu plazan, hainbat herritarrek lagunduta. Hori bai, festa giroko ekitaldirik ezin izan dute egin aurtengoan. Asteburu osoan zehar izango da erakusketa ikusgai.

Urtebeteko etenaren ostean, Sare Eguna egin dute gaur herrian. Pandemia aurreko Sare Egunen oso desberdina izan da aurtengoa, baina aldarrikapena berbera. Izan ere, Azpeitiko Sarek euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen eskubideak aldarrikatu ditu plazan, hainbat herritarrek lagunduta. Hori bai, festa giroko ekitaldirik ezin izan dute egin aurtengoan.

Eguerdi parterako baziren herritarrak plazan, Sarek muntatu duen erakusketa –asteburu osoan izango da ikusgai– nahiz aurreko Elkartasun edo Sare egunetako krosetako irudiak ikusten. Eguneko ekitaldi nagusia, Elkartasun Adierazpena, 12:30ean hasi da, eta herritar ugari elkartu dira plazan. Ekitaldia hasteko, bertso bat abestu du Jokin Urangak, eta ondoren, Sareko kide Miren Arrietak hartu du hitza. Aurtengoa 21. Sare Eguna zela gogoraraziz hasi du hitzartzea hark, eta esan du urte "gehiegi" daramatzatela gauza berak errepikatzen.

Dena den, urteotan beren alea jarri duten herritarrak izan ditu gogoan. "Astero ehunka kilometro egin behar izan ditugu gure herritarrak 40 minutuz ikusteko, baina era berean, urtez urte hainbat esparrutako nahiz adinetako pertsonek egin dute bat gure aldarriarekin". Sare Egunetan egindako ekintzak ekarri ditu gogora hark eta horiek antolatzen aritu diren herritarrei eskerrak ema dizkie. "Berdin izan zaigu kantatzen, dantzan edo autobus bati tiraka ibili, helburu komuna presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzea izan da. Eskerrik asko, urte guzti hauetan Sare Egunak antolatzen aritu zareten guztioi".

Bestalde, euskal presoen espetxe aldaketak izan ditu gogoan hark, eta salatu du lekualdatzeak gauzatzen ari badira ere, euskal presoak euskal espetxeetara lekuadaltzeko darabilten erritmoa "tamalgarria" dela. "Egia da pixkanaka agertoki baterantz goazela, presoentzat nahiz guretzat egoera hobea ezagutzen ari garela, baina garbi daukagu sakabanaketarekin eta urrunketarekin amaitu egin behar dela". Horrez gain, euskal presoei legedia arrunta aplikatzea eskatu du Azpeitiko Sarek: "Euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia existituko ez balitz, [Ander Urbieta] Powk eta Gotzonek [Aranburu] etxean egoteko aukera izango lukete. Beraz, horiek etxeratzea lortu arte Azpeitiko Sarek lanean jarraitu du, zuen laguntzarekin".