Euskal Herriko eta Palestinako produktuekin dastaketa saioa antolatu du Elikaguneak

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 21a, 11:33
Zaatar espezia da datorren asteko dastaketa saioan erabiliko duten lehengaietako bat.

Asteazkenean izango da, hilaren 26an, 18;30etik aurrera. Saioa online egingo dute; parte-hartzaileei saioan erabiliko dituzten produktuak bidaliko dizkiete etxera. Bakerako Lankidetza Batzarrearekin (BLB) elkarlanean antolatu dute ekimena, Landa Eremuko Emakume Eraldatzaileak jardunaldien barruan.

Euskal Herriko eta Palestinako produktuak uztartuko dituen dastaketa tailerra antolatu du Elikaguneak, Bakerako Lankidetza Batzarrearekin (BLB) elkarlanean; Landa Eremuko Emakume Eraldatzaileak jardunaldien barruan egingo dute maiatzaren 26an, datorren asteazkenean.

Elikaguneko Xabi Izagirre sukaldariak eta Sakona Etxaldeko Aiora Etxeberriak gidatuko dute saioa Elikagunean bertan, baina dastaketa tailerra ez da aurrez aurrekoa izango. Izagirreren eta Etxeberriaren saioa online jarraitu ahalko da, 18:30ean hasita; ordu eta erdi-bi ordu inguruko saioa izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Saioan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, eta horretarako, gipuzkoa@acpp.com helbide elektronikora idatzi behar dute izena.

Gehienez 20 lagunentzako tokia izango da, eta horiek, izena eman ondoren, saioan erabiliko dituzten hainbat lehengai jasoko dute etxean, Izagirrek eta Etxeberriak emango dituzten jarraibideekin bakoitzak berean proposatutako platerak prestatu ahal izateko. Palestinako datilak, kuskusa, freekeh-a (gari gogor berdea) eta zaatar espezia; eta Getariako arrain kontserbak, Sakonako gazta samurra, Nafarroako olioa, marmelada eta Ezpeletako piperrarekin egindako euskal saltsa dira, hain zuzen ere, saiorako izena ematen dutenek etxean jasoko dituztenak.