Hamazazpi lagun ari dira gizarte erakundeetan arreta soziosanitarioa emateko ikastaroa gauzatzen

Julene Frantzesena 2021ko mai. 20a, 10:13
Ikastaroan parte hartzen ari diren herritarrak eta Nagore Alkorta alkatea Basazabal jauregiaren atarian. (Azpeitiko Udala)

Udalak adierazi duenez, denek gainditu dute ikastaroaren zati teorikoa, eta orain alde praktikoa lantzen ari dira; ekaina bitartean hainbat gizarte erakundetan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute. Azpeitiko Udalak urteak daramatza ikastaroa antolatzen, eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Martxan da gizarte erakundeetan arreta soziosanitarioa emateko titulua lortzeko ikastaroa. Aurtengoan, hamazazpi lagun ari dira ikastaroa egiten, eta udalak adierazi duenez, denek gainditu dute ikastaroaren zati teorikoa. Orain, alde praktikoa lantzen ari dira; ekaina bitartean hainbat gizarte erakundetan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute.

Azpeitiko Udalak urteak daramatza ikastaroa antolatzen, eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Izan ere, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez, "garrantzitsua" da zaintza lanetan ari diren herritarrei formazio homologatua eskaintzea, modu horretan "lanbidea duintzeko eta lan baldintzak hobetzeko" aukera eskaintzen zaielako.

Hark zaintza lanena sektore feminizatua dela ere azpimarratu du: "Azpeitian emakume langabetuen ehunekoa gizonena baino altuagoa da, eta orokorrean, emakumeen diru sarrerak baxuagoak izan ohi dira. Formazioa eskainiz, parte hartzaileei bizi kalitate hobeagorako aukera eskaini nahi diegu".