Mugikortasunaren inguruan herritarren ekarpenak jasotzeko inkesta abiatu du udalak

Anartz Izagirre 2021ko mai. 19a, 17:28

Gaurtik hasi eta ekainaren 2a bitartean, Mugikortasun Plana osatzeko inkesta bete daiteke udalaren webgunean. Herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute dokumentu horretan, eta inkestan parte hartzeko deia egin die erakundeak azpeitiarrei.

Duela aste batzuk Mugikortasun Plana berrituko zuela jakinarazi zuen Azpeitiko Udalak, eta planaren lehen fasea gauzatzeko herritarren ekarpenak jasotzen hasi da. Egoeraren analisia eta diagnosia egiteko, 34 galderaz osatutako online betetzeko inkesta bat ezarri du erakundeak bere webgunean, eta gaurtik hasi eta ekainaren 2a bitartean —bi egunak barne— izango dute herritarrek iritzia emateko nahiz ekarpenak egiteko aukera. Honako lotura honetan bete daiteke inkesta. Udalak iritzia ematera animatu ditu herritarrak, "plan hobea osatzeko" eta "denontzako Azpeitia egiten jarraitzeko".

Inkestaren bidez iritziak jasotzeaz gain, herriko eragileengana ere joko du erakundeak planaren lehen fasea osatzeko. Zati hori amaitu ostean, berriz, ekintza plana osatuko du, eta hirugarren fasean, plana izapidetuko du.