Ostiralean hasiko dituzte Arana eta Arana Goikoa lotuko dituen igogailuaren lanak

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 19a, 11:07
Igogailuaren proiektuaren irudi bat. Arana Goikorako maldaren barrenean eraikiko dute. (Azpeitiko Udala)

Construcciones Moyua SL enpresak egingo ditu lanak eta zortzi hilabeteko epea izango du bukatzeko. Proiektuaren aurrekontua 416.489,87 eurokoa da.

Etzi, ostirala, hasiko dituzte Arana kalea eta Arana Goikoa lotuko dituen igogailua eraikitzeko lanak. Udalak iazko udazkenean aurkeztu zien proiektua bizilagunei, "haien oniritzia jaso ondoren" jarri zuen martxan lanak esleitzeko lehiaketa publikoa, eta joan den apirilean esleitu zituen lanak. Erakundeak orduan jakinarazi zuen bezala, Construcciones Moyua SL enpresak egingo ditu lanak eta zortzi hilabeteko epea izango du bukatzeko. Proiektuaren aurrekontua 416.489,87 eurokoa da.

Aranako eta Arana Goiko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin jarriko dute igogailua. Arana Goikora joateko maldaren hasieran eraikiko dute eta bi solairu izango ditu. "Bigarren solairuan, pasarela baten bidez auzoaren goikalderako pasoa egingo da. Ondoren, azken etxeetarako pasoa egokituko da, irisgarri izateko", azaldu du udalak.

Lanen hasiera iragartzearekin bat, udalak "aurrez eskerrak eman nahi" izan dizkie inguruko bizilagunei, "pazientziagatik eta laguntzagatik", eta barkamena ere eskatu die, obrak direla-eta sortuko diren "endredoengatik".