Zabalik da 1766ko Matxinada kaleko lur azpiko aparkaleku publiko berria

Julene Frantzesena 2021ko mai. 18a, 09:48
Aitor Bereziartua zinegotzia eta Nagore Alkorta alkatea aparkalekuaren sarreran. (Azpeitiko Udala)

43 ibilgailurentzat du lekua lehen solairuan egokitu duten aparkalekuak, eta astelehenetik igandera, 24 orduz izango da irekita. Inguruko bizilagunek 20:00etatik 08:00etara doan aparkatu ahal izango dute bertan. Aparkalekua "errotazio handiko gunea" izan dadin nahi du udalak.

Zabalik da jada 1766ko Matxinada kaleko lur azpiko aparkaleku publikoa. 43 ibilgailurentzat du lekua lehen solairuan egokitu duten aparkalekuak, eta astelehenetik igandera, 24 orduz izango da irekita. Gainera, inguruko bizilagunek 20:00etatik 08:00etara doan aparkatu ahal izango dute bertan, horretarako beharrezkoa den txartela eskuratuta.

Aparkalekua "errotazio handiko gunea" izan dadin nahi du udalak: "Alde Zaharrera enkarguak edo tramiteak egitera doazenentzat ibilgailua uzteko lekua izango da". Horregatik, lehen ordubetea igaro arte 0,20 euro ordaindu beharko da ibilgailua han aparkatzeagatik. Handik aurrerako ordu bakoitza euro bat kostatuko da –minutua 0,0167 euro–.

Alde Zaharraren inguruan kokatutako bigarren lur azpiko aparkaleku publikoa da ireki berri dutena; izan ere, Soreasun ere martxan da 2010az geroztik. Soreasuko aparkaleku publikoan, lehen solairuan, txandakako 131 aparkaleku daude. Bigarren solairuan, aparkalekua erosita dutenentzat edota urteko txartela dutenentzat 109 aparkaleku daude, horietatik lau elbarrientzat. Horri lotuta, Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, Soreasuko aparkalekuaren osagarria da 1766ko Matxinada kalekoa: "Soreasuko aparkalekua osatzera datorren aparkaleku berria da 1766ko Matxinada kalekoa. Plaza ingurura edo Alde Zaharrera momentu batean egitekoren batera hurbildu behar duenarentzat pentsatutako aparkalekua da".

Azpeitiko Udalak Alberdieneko etxebizitzak egiten hasterako, 2017an, erosi zuen lur azpian aparkalekua egiteko 1.611 metro koadroko solairua, 415.185 euroren trukean.