Ekoetxeak bi jarduera antolatu ditu Bioaniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira

Julene Frantzesena 2021ko mai. 17a, 13:02

Ostiralean, Natura bizia ikus-entzunezkoa emango dute, eta larunbatean, Naturako bizitzan jolasten joko didaktikoa egingo dute. Nahiz eta saioak doakoak izango diren, bi ekintzetarako aurrez izena eman beharko da.

Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna izango da zapatuan, maiatzaren 22an, eta Ekoetxeak bi jarduera antolatu ditu egun horren bueltan: ostiralean, Natura bizia ikus-entzunezkoa emango dute, eta larunbatean, Naturako bizitzan jolasten joko didaktikoa egingo dute.

Ostiraleko dokumental emanaldia 18:00etan izango da, Ekoetxean bertan. Lexeia Larrañagak zuzendutako eta Alex Gutierrezek ekoiztutako lana da Natura bizia, eta Hego Euskal Herriko biodibertsitatearen balioa nabarmentzea du xede. Saio horretara joan nahi dutenek asteazkena baino lehen eman beharko dute izena, plazak mugatuak baitira. Horretarako, 943-81 24 48 telefono zenbakira deitu edo museo@ingurugiroetxea.org e-posta helbidera mezua idatzi behar da.

Larunbatean, berriz, Naturako bizitzan jolasten joko didaktikoa egingo dute Loiolako zelaietan. 6 urtetik gorako umeentzat eta horien gurasoentzat izango da ekintza, eta 16:30etik 18:30era bitartean egingo dute. Ekoetxeko kideek esan dutenez, jokoaren helburua inguruko bizidunak hobeto ezagutzea da, eta horretarako joko bat egingo dute, zentzumenak erabilita eta mugimendua ardatz hartuta. Asteazkena izango da zapatuko egitasmorako izena emateko azken eguna, saio horretarako plazak ere mugatu egin dituztelako. Izena emateko 943-81 24 48 telefono zenbakira deitu edo museo@ingurugiroetxea.org e-posta helbidera mezua idatzi behar da.