Udaleku irekietarako begiraleen lan poltsa osatzeko deialdia zabaldu du udalak

Julene Frantzesena 2021ko mai. 14a, 09:46
Hainbat haur eta guraso iazko udalekuetan.

Begirale lanetan aritu nahi duten herritarrek maiatzaren 28a, ostirala, baino lehen bidali beharko dute curriculuma gib@azpeitia.eus e-posta helbidera. Ekainaren 21etik uztailaren 16ra bitartean izango dira martxan udaleku irekiak. Haurrek izena emateko epea maiatzaren 24tik 28ra iazngo da zabalik.

Udako udaleku irekietarako begiraleen lan poltsa osatzeko prozesua jarri du martxan Azpeitiko Udalak. Izan ere, erakundea hasi da dagoeneko udalekuak prestatzeko lanekin. Ekainaren 21etik uztailaren 16ra bitartean izango dira martxan udaleku irekiak –zaintza zerbitzua ere eskainiko dute–, eta udalak azaldu duenez, "zorrotz" beteko dituzte pandemia dela-eta ezarritako neurriak.

Begirale lanetan aritu nahi duten herritarrek maiatzaren 28a, ostirala, baino lehen bidali beharko dute curriculuma gib@azpeitia.eus e-posta helbidera. Hautaketa egiterakoan hainbat gauza hartuko dituzte kontuan: begirale titulua izatea; EGA edo baliokidea edukitzea;  hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak eginda izatea edo egiten aritzea; eta antzeko lanetan eskarmentua izatea. Gainera, azpeitiarrek izango dute lehentasuna. Informazio gehiago nahi duenak 943-15 71 60 telefono zenbakira dei dezake.

Oraindik ez dute zabaldu haurrek udalekuetan izena emateko epea, baina udalak aurreratu duenez, maiatzaren 24tik 28ra bitartean izango da horretarako aukera. Datozen egunetan ikastetxeen bidez banatuko dute udalekuei buruzko informazioa, eta udalak aurreratu duenez,  "aurtengo egoerak bultzatuta" izen-ematea online egin beharko da.