Klik!

Udaberriko usainak

Aitziber Salegi 2021ko eka. 4a, 09:40

Udaberriarekin batera, lorez nahiz kolorez betetzen dira inguruetako zelaiak eta larreak. Udaberriko egun arrunt batean, Aitziber Salegi azpeitiarrak Oñatz eta Urrestilla inguruetan ateratako argazkiak dira 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian Klik! atalerako jaso dituen hauek. Lore bakoitzak du bere berezitasuna.

Margarita

Margarita loreek Chrysanthemun macimum dute izen zientifikoa. Bitxiloreak zelaietan eta taldean ikusi ohi diren moduan, margaritak –bitxiloreen familiakoak, baina horiek baino askoz handiagoak izan ohi diren loreak– bide ertzetan eta banaka ikus daitezke.

Zaingorri lorea

More koloreko lore honek Geranium rabrtainum du izen zientifikoa. Hosto berdeak izaten ditu barrenean; ertzetan, aldiz, gorrixkak. Enborra ere gorria izan ohi da. Sendabelarren multzoan koka daiteke zaingorri lorea, eta askotariko erabilerak ditu. Jende askok ukenduak egiteko erabiltzen du.

Zain-belar lorea

Zain-belar loreak Plantago laneolata du izen zientifikoa. Lore berezia da, eta ez da oso ikusgarria: ez du petalorik eta marroi kolorekoa izaten da. Sendabelar moduan erabili ohi da lorea; ukenduak edo katarroarentzako edariak egiteko baliatu izan dute etxe askotan.

Kala

Kala loreak Zantedeschia aethiopica du izen zientifikoa. Petalo ondulatu bakarraz osaturiko lorea da, zuri kolorekoa. Elizak apaintzeko erabili ohi dituzte lore horiek.

Lihoa

Linum bienne da liho lorearen izen zientifikoa. Bide bazterretan ikusten diren urdin koloreko
loreak dira.

Marrubi lorea

Marrubi fruituak ematen dituen loreak Fragaria vesca du izen zientifikoa. "Umetako oroitzapenak ekartzen dizkit gogora lore honek, aitarekin mendira joan eta ibilbidean zehar marrubitxoak jaten genituen garaiko oroitzapenak", adierazi du Salegik.

Kuku-belarra

Kuku-belarrak Aguilegia vulgaris du izen zientifikoa. Izenak dioen bezala, udaberrian kukuaren kantuarekin batera loratzen da. Sendabelar erabilera ere badu, eta diuretikoa da.

Intsusa lorea

Sambucu adoxaceae da irudiko lorearen izen zientifikoa. Euskal Herriko baserrietan eta etxeetan fede handia sortu izan duen landarea da. Gauza askotarako baliatu izan da, eta loreekin, enborreko azalarekin edo beste zenbait zatirekin ukenduak egiteko erabili izan da urte askotan zehar.

Txikori belar lorea

Irudiko loreak Taraxacum officinate du izen zientifikoa. Sendabelar modura erabili izan da; Salegiren etxean, esaterako, infusioak egiteko baliatzen zuten. Nork ez dio umetan horrelako bati putz egin, eta haziak hegan ikusi?