Unai Urbizu: "Hasiera-hasieratik taldeak dituen gogoa eta ilusioa azpimarratuko nituzke"

Julene Frantzesena 2021ko mai. 14a, 16:35
Unai Urbizu.

Euskal Ligarako igoera fasera sailkatu da Lagun Onakeko emakumeen lehen taldea, eta fase horri ekiteko ilusioz gainezka da taldea, baita Unai Urbizu (Azpeitia, 1991) entrenatzailea ere. Taldearen lanerako gogoa azpimarratu du, eta Añorgaren kontrako finalerdiak gaindituta, taldea finalean ikustea du xede.

Zer balorazio egiten duzu taldeak orain arte gauzatu duen denboraldiaz?

COVID-19a dela eta, bitan zatituko nuke denboraldia: lehen zatia, irailean hasi, partida bakarra jokatu eta liga bertan behera gelditu zena; eta bigarrena, martxotik aurrera berriz ere ligari ekin geniona. Egia esan, lehen zatia pixka bat nekagarria izan zen; oraintxe entrenatzeko aukera genuen, oraintxe ez ziguten uzten... Martxotik zorte handia izan dugu, kasurik ez taldean, konfinamendurik ere ez... Eta kirol arloan lortutakoarekin oso gustura nago.

Igoera fasera sailkatu zarete. Gustura al zaude?

Helburuaren zati bat horixe zen, saltsa horretan sartzea, eta orain, sartu izanarekin ez gara konformatzen. Helburu nagusia datorren denboraldian Euskal Ligan aritzea da, nahiz eta badakigun oso zaila dela. Dena den, lana eginda eta ilusioarekin, bagoaz aurrera. Helburu osoa lortzeko oso anbiziotsu gaude.

Denboraldi gorabeheratsua izan da. Nola moldatu zarete?

Pandemiaren eraginez, xelebrea izan da deboraldia, eta jokalari aldetik ere izan ditugu gorabeherak; izan ere, egoera nekagarria bilakatu zen, eta jokalari batzuek taldea utzi zuten egoera pertsonala tarteko. Buruari bueltaka hasi ginen, eta kadete mailako lau jokalari zaharrenak taldera batu ziren entrenatzeko eta beharra genuenean partidetara joateko. Horiekin eta fitxaketaren bat eginda, jokalari kopuru ona izatea lortu genuen. Xelebrea izan da, baina egoerari buelta ematea lortu dugu.

Zer-nolako taldea duzuela esango zenuke?

Adin desberdinetako jokalariz osatutako talde konpletoa eta aberatsa dugula esango nuke. Hasiera-hasieratik taldeak dituen gogoa eta ilusioa azpimarratuko nituzke.

Jokalari beteranoak, ibilbide handikoak, berriak… denetarik duzue. Hori positiboa da, ezta?

Bai, eta horixe da funtzionatzen ari dena. Ibilbide handiko jokalariak ilusioz beteta daude, gazteak ikasteko gogoz, eta horiek denek batera talde oso indartsua osatzen dute. Taldeak aberastasun handia duela esango nuke. Horrekin lotuta, taldeko beste lau lagun aipatu nahiko nituzke: Aitor eta Xuban laguntzaileak, Iraide delegatua eta Jon atezainen entrenatzailea. Horiek asko-asko aberastu dute taldea.

Noiz hasiko duzue igoera fasea?

Igoera fasea maiatzaren 22-23ko asteburuan hasiko da, eta finalerdietan Añorga izango dugu aurrez aurre. Bi partida jokatuko ditugu; bat etxean, eta bestea Añorgan. Bigarren finalerdia, berriz, Eibarrek eta Touringek jokatuko dute. Bi kanporaketa horietako garaileek jokatuko dute finala, eta irabazleak soilik izango du datorren denboraldian Euskal Ligan jokatzeko aukera.

Gogotsu al zaudete fase berriari ekiteko?

Hilabete batzuk daramatzagu fase berri horren zain, eta orain, gerturatu denean, ilusioz gainezka gaude. Lanerako gogo handia daukagu, eta ziur nago dena ondo aterako dela.

Zenbat urte daramatzazu nesken lehen taldea entrenatzen?

Senior mailako neskak entrenatzen ditudan lehen aldia da. Mutilekin aritutakoa naiz, baita beste maila batzuetako neskekin ere, bai Ikasberrin, bai Eibarren. Beraz, hau nesken lehen talde bat entrenatzen dudan aurreneko aldia da.

Nola ikusten duzu nesken futbolaren etorkizuna Lagun Onaken barruan?

Goraipatzekoa da taldean jokalari gazte ugari ditugula, eta kadete mailako taldea ere lan ikaragarria ari da egiten. Lasai egoteko moduan gara alde horretatik, badago-eta harrobia. Gaztetxoentzat une zailak dira, urte guztian ez baitiete utzi partidak jokatzen, baina orain hasi dira entrenamenduak egiten, eta ea hau guztia pasatzen denerako ilusioari heltzen dioten.

Gustatuko al litzaizuke datorren denboraldian ere taldean jarraitzea?

Ez naiz datorren denboraldiarekin pentsatzen hasi ere egin; izan ere, denboraldi honetan nago buru-belarri sartuta. Dena bukatzen denean –finalaren ostean izango dela espero dut–, izango dut baloratzeko denbora.