Eusko Jaurlaritzaren enpresa txiki eta ertainentzat laguntza plana aurkeztu dute Basazabalen

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 13a, 12:05

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak, 68 programatan banatuta, 433 milioi euro bideratuko ditu enpresak laguntzera. Jaurlaritzaren mendeko hainbat sozietatetako ordezkariak arduratu dira programa eta laguntza horien inguruko xehetasunak azaltzeaz, eta haiek entzuten izan dira eskualdeko zenbait enpresatako ordezkariak.

Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txikientzat eta ertainentzat garatu duen laguntza plana aurkezteko saioa egin dute gaur goizean Basazabal jauregian. Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak, 68 programatan banatuta, 433 milioi euro bideratuko ditu enpresak laguntzera, eta programa eta laguntza horien nondik norakoak azaldu dituzte.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Jaurlaritzak elkarlanean antolatu dute saioa, eta hainbat sozietatetako ordezkariek parte hartu dute bertan, hala nola Aitor Urzelai SPRI taldeko zuzendari nagusiak, Leire Madariaga Eraldaketa Digital eta Ekintzailetza zuzendariak, Mikel Amundarain Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendariak, Ainhoa Ondarzabal BTI-Nazioartekotzeko Euskal Agentziako sailburuak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak, Alex Boto IHOBEko zuzendariak eta Javier Plasencia Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea dira programa horien helburuak. Izan ere, erakundeak adierazi duenez, COVID-19ak eragindako pandemiak Arabako, Bizkaik eta Gipuzkoako ekonomian %9,5eko jaitsiera eragin du, eta hiru lurralde horietako langabezia tasa %11,2 da. Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen Sailak azaldu du ekonomia suspertzen eta enplegua sortzen laguntzeko lanean ari dela.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza eta Mireia Galarza)