Atzera begira

Bizi oso bat mostradore baten atzean

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 30a, 09:00
Arantxa Beobide, bere dendako mostradorearen atzean. (Mailo Oiarzabal)

Duela 48 urte, 1973ko apirilean, ireki zuen Arantxa Beobidek Arantxa haur arropa denda, baina ordurako bazekien jendaurrean aritzea eta saltzaile lana zer ziren. Dendan lanean jarraitzen du, baina bere ibilbideari errepasoa egin dio 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian.

Atzera begira jarritakoan, norberaren edo beste edozeinen ibilbideari gainbegirada ematen hasitakoan, denborak pisua hartzen du. "Jesus! Egundoko tristura ematen dit”, bota du Arantxa Beobidek (Azpeitia, 1945), kontuak ateratzen hasi eta denda lekuz aldatu zuela ia hogei urte joan direla jabetu denean. Urteen joanaren abiadak bertigoa eragiten dio, baina baita halako poz bat ere, urte horietan zehar egindakoak eta bizitakoak gogoratzean.

Dendaria da Beobide, eta horrela izan da ia beti. "Bizi guztia mostradore atzean" darama. Duela 48 urte, 1973ko apirilean, ireki zuen Arantxa haur arropa denda, baina ordurako bazekien jendaurrean aritzea eta saltzaile lana zer ziren. Iturgin familiakoa, linterneria zeukan beren aitak Erdikalean, "Atanaxionekoa esaten zioten”; eta han, familiaren negozioan, egin zuen lana Beobidek oso gaztetatik.

Ez du garbi gogoratzen zergatik eman zuen duela ia mende erdi bere denda irekitzeko pausoa, baina "gustatzen" zitzaiolako erabaki zuen umeentzako arropa saltokia martxan jartzea. "Josten ikasten" ibilia zen, eta jantzigintzaren arloak erakarri egiten zuen; bi alabaren ama zen ordurako –bi seme etorriko ziren ondoren–, eta "ilusioa" egiten zion proiektu hari eusteak. Negozioa martxan jartzerakoan Sagrario Gurrutxagak emandako bultzada eta laguntza nabarmendu nahi izan ditu Beobidek: "Bera [Gurrutxaga] Donostiako ume arropa denda batean ari zen lanean, eta herrian lan egitea gustatuko litzaokeela esanez etorri zitzaidan. Ideia asko eman zizkidan, asko lagundu zidan, erosketak egiterakoan eta. Izan ere, nik ez neukan kontu horietan ideia handirik".

Gurrutxaga izan zen Beobidek dendan izan zuen lehen langilea. "Ez zen denbora askoan egon, baina asko lagundu zidan negozioaz ikasteko prozesuan", berretsi du Arantxako jabeak. Marije Peña eta Mari Peñas etorriko ziren gero. Peñasek gaur egun ere dendan jarraitzen du lanean, 40 urte inguru daramatza Beobiderekin. Bere ibilbidea ez ezik, ia mende erdiko bide horretan berarekin aritu direnak eta ondoan izan dituenak ez ditu inondik inora ahaztu nahi Beobidek. Ezta etxekoen laguntza ere: alaba Teresa da dendako erakusleihoak prestatzen dituena, eta haren ekarpena ere gogora ekarri nahi izan du.

Jose Artetxe kalean ireki zuen Beobidek bere izena daraman denda eta kale horretan egon izan da beti saltokia, baina ez hasierako toki berean. Kalea erdibitzen duen errepidearen alde batean izan zuen lehen lokala, eta 2002tik gaur egungo kokapenean dago denda, kalearen bestaldean eta hasierako kokalekuaren aurrez aurre, ia. Jaioberriak zein 16 urte arteko haurrak eta gaztetxoak janzteko arropak saltzen dituzte Arantxa dendan. Lehen, arropaz gain hainbat osagarri ere saltzen zituzten, sehaskak, kotxekapotak edota orgak, baina urteak dira horiek saltzeari utzi ziotela.

Arantxa dendaren lehen egoitza, kanpotik. (Utzitakoa)

Nola aldatzen diren gauzak

Beobidek Arantxa ireki zuenean, umeen modako beste bi saltoki zeuden Azpeitian: Viuda de Orbegozonekoa plazan, eta Azurmendinekoa Erdikalean. 48 urteotan, itxi eta ireki, denda dezente izan dira herrian Arantxaren arlo berekoak; aldi berean sei-zazpi izandako urteak ere izan direla gogoratu du Beobidek. Gaur egun, berriz, soilik haurrentzako jantziak saltzen dituzten bi saltoki daude.

Ia bost hamarkadaz eutsi dio negozioari Beobidek, eta, ezinbestean, aldaketa askoren lekuko eta parte izan da. Berak denda ireki zuen sasoian, ohikoena zen herritarrek herrian bertan erostea, bai behintzat haurrentzako jantziak. Gainera, kontsumo eredua ere beste bat zela nabarmendu du Arantxa dendakoak. "Lehen, sasoi berri bakoitzean umeak goitik behera janzteko erosketak egiten zituen jendeak, beti. Orain, ez. Gaur egun, gehiago erosten da beharraren arabera, momentuan momentukoa. Lehen, sasoi bakoitza hasterako dena erosita izaten zuen jendeak. Ordukoa gehiegizkoa eta dena izaten zen batzuetan, orain gutxiago kontsumitzen du jendeak. Zeharo aldatu dira gauzak". Beharrak herriko saltokietan asetzea ere ez dago hain hedatua orain; Donostian saltoki handiak irekitzen hasi zirenean iritsi zen lehen joera aldaketa aipagarria. Azken urteetan, berriz, Internet bidezko erosketen gorakada "asko" nabarmendu dutela dio Beobidek, inguruko saltoki txiki gehien-gehienen ildo beretik. "Erosteko era asko aldatu da Internetekin eta horrek kalte handia egin dio herrietako merkataritzari".

Modaren eta arroparen erabileraren joerak ere ez dira gutxi aldatu Arantxa denda ireki zenetik. Garai hartan, "igandetako arropak" izaten zituzten ume gehienek, astegunetakoak baino dotoreagoak, igandeetarako edota jaiegunetarako gordetzen zirenak. Ohitura hori aspaldi "galdu" zen, ordea. Haur txikienen arropetan sexuaren araberako kolore banaketa ere –arrosa kolorekoak neskentzat, urdinak mutilentzat– gaur egun "oso gutxi" mantentzen dela dio Beobidek, joera horri eusten dioten bakarren batzuk badiren arren. "Koloreetan eta estiloetan aukera handiagoa dago orain, jantzi 'modernitoagoak' daude eta estilo klasikoa oso ezkutatuta dago, jaioberrietan oraindik ere polita gelditzen den arren. Jendeak praktikotasuna bilatzen du", iritzi dio dendariak. Berari, berriz, bezeroen joeretara moldatzea dagokio: "Azkenean, bezeroak erakusten dizu, eskatzen dizutenaren arabera dakizu nondik jo".

Beobide eta Mari Peñas, atzean. (M. Oiarzabal)

"Oraindik ez naiz erretiratu"

Hainbeste urte irauten ari den negozioan, belaunaldi bat baino gehiago janzteko parada izan du Beobidek. Umetan beren gurasoekin dendara joaten ziren asko gaur egun beren seme-alabentzako arropak erostera joaten zaizkio, eta hori "polita" dela nabarmendu du. Hala ere, gaur egun erostaile onenetakoak "opariak erostera eta" joaten diren "amamak" dituela aipatu
du. Azpeitikoak ez ezik, urte hauetan guztietan Azkoitiko "bezero onak" ere izan ditu Arantxa dendak. "Garai batean, Azkoitian ez zegoen gaur egun adina saltoki, eta joera handia zuten azkoitiarrek erosketak Azpeitian egiteko", azaldu du.

Erretiroa hartzeko adin ofiziala aise gaindituta, eta behin eta berriro eskertzen duen ingurukoen "laguntza" ahaztu gabe, lanean jarraitzen du Beobidek bere dendan. "Jubilazioaren zain" dagoela dio, baina baita "oraindik ez naiz erretiratu" ere, irribarrez. Dendako jarduna uzteko presa handirik ere ez du, momentuz; dendak "bizia" ematen diola baitio Beobidek, eta hori horrela den bitartean ez du uzteko asmorik. "Izan ere, badakit, seguru-seguru, hau lagatzen dudanean bajatu egingo naizela", gaineratu du. Urteak "aidean" pasatu zaizkio Arantxa dendako jabeari, baina badaki laneko ibilbidearen azken urteetara iritsi dela. Ez daki Arantxa dendan lekukoa hartuko dion inor izango den, baina horren kezkarik ere ez du azaldu.