Erretratua

Maider Etxezabal: "Begiratu eta harritu egiten dira sokatiran aritzen naizelako"

Nora Alberdi 2021ko eka. 7a, 09:25
Maider Etxezabal. (Olatz Alkorta)

Kirolak Maider Etxezabalen egunerokotasunaren zati nagusi bat hartzen du. Aisialdian igeriketan, sokatiran eta lokotx biltzen aritzen da; lanbidez, berriz, hezitzaile fisikoa da, eta astean zehar Euskal Herriko txoko ugari bisitatzen ditu helduei kirola egin dezaten laguntzeko. 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian Erretratua ataleko protagonista da Etxezabal.

Gaztetxoa zenetik argi zuen Maider Etxezabalek (Azpeitia, 1990) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi nahi zuela; bigarren aukerarik ez zuen izan buruan. Zalantzak zituen, ordea, gradura sartzeko beharrezko batez bestekora iritsiko ote zen. Hain zuzen ere, Lanbide Heziketako ziklo bat egin ondoren lortu zuen unibertsitatera sartzea. Gasteizen, unibertsitate garaian, ezagutu zuen sokatiraren mundua, eta ordutik Gasteizko Badaiotz taldean aritzen da.

Fakultatean Kirolaren Eguna ospatzen dute urtero, eta maila guztien artean askotariko kirolak probatzen dituzte. Etxezabalen taldeak bi urtez jarraian irabazi zuen sokatirako lehia. Orduan piztutako gogoari tiraka, sokatiran dabil ordutik: "Ezagutu berri dudan jendeak zer kirol egiten dudan galdetzen didanean eta nik sokatiran aritzen naizela esaten diedanean, goitik behera begiratzen didate eta harritu egiten dira. Sokatiran aritzen diren emakume guztiak ez dira handiak, eta jendeak hori pentsatzea frustragarria da".

Uneotan, Euskal Herrian oso gutxi dira emakumez osaturiko sokatirako taldeak: Gipuzkoan, Ibarra; Bizkaian, Gaztedi; Araban, Badaiotz –Etxezabalen taldea– eta zenbait urtez Artziniega; eta Nafarroan, Lesakako Beti Gazte, Antsoain, Berriozar eta Txantrea. Nafarroan, eskola kirolean hasten dira gaztetxoak sokatiran; hezkuntza sisteman bertan txertatuta dute kirol hori.

Badaiotz taldea Euskal Herri osoko emakumeek osatzen dute, eta horregatik, COVID-19ak eraginda, arazo ugari izan dituzte elkarrekin entrenatu ahal izateko: "Txapelketarik ez bazegoen, ezin genuen entrenatu. Martxoan txapelketa bat antolatzea lortu genuen, eta hilabete eta erdiz izan genuen elkarrekin entrenatzeko aukera. Orain, astean behin elkartzen gara, baina une oro, etorriko diren aldaketa berrien zain gaude".

Etxezabal astean zehar hezitzaile fisiko lanetan aritzen da. Egiteko hori dela eta, Donostiara, Urrestillara, Gasteizera, Berantevillara (Araba), Zanbranara (Araba) eta beste hainbat herritara joaten da: "Alde batetik, etxeetara joaten naiz, norbanakoengana; eta bestetik, taldeekin aritzen naiz. Enpresa batekin lan egiten dut, eta hango kideek esaten didaten lekura mugitzen naiz. Orain, adibidez, Goierriko zenbait herritan hastekoa naiz lanean". Erabiltzaileen adinari dagokionez, 65-70 inguruko pertsonekin aritzen da lanean, nahiz eta Goierrin izango dituen taldeetako kideak gazteagoak izango diren.

Lokotx bilketa

Udan atsedena hartzen dute sokatiran, eta beste zenbait herri kirol egiten dituzte Badaiotzeko kirolariek. Taldekideen artean herri kirolak banatzea egokitu zenean, Etxezabali lokotx bilketan aritzea tokatu zitzaion: "Ni nintzen korrikan gehien ibiltzen zena, eta besteak indar kontuetan ni baino trebeagoak ziren". Lokotx bilketa erakustaldiak egiten dituzte herriz herri, munduko txapelketetara joan ahal izateko finantzazioa lortzeko, baina, horrez gain, Arabako herriarteko txapelketetan ere parte hartzen dute.

Etxezabalek, hain zuzen, Arabako Lokotx Txapelketan parte hartu izan du. Eta parte hartu soilik ez: 2019an, Arabako lehia irabazi, Euskal Herrikorako sailkatu eta hura ere irabaztea lortu zuen: "Ilusio handia egin zidan, inoiz ez nukeen pentsatuko txapela lortuko nuenik. Gainera, arerioak oso indartsuak ziren". Aurten ere irabazi du Arabako txapelketa, eta Euskal Herrikoan aritzeko aukera eskuan zuen, baina astebete lehenago konfinatu egin zuten, eta ezin izan zuen lehiatu.

Igeriketa eta korrika

Kirol asko probatu izan ditu Etxezabalek, baina igeriketan aritu izan da modu jarraikorrean: "Txikitan asko kostatu zitzaidan igeri egiten ikastea, eta uste dut horregatik ekin niola gero oraindik eta indar gehiagorekin". 10 urterekin hasi zen Izarraitz igeri elkartean trebatzen, eta duela gutxi arte, Zarautzera bizitzera joan arte, taldearekin aritu da. Orain, Zarauzko master taldearekin aritzen da. "Eguna eta gaua dira sokatira eta igeriketa: bata taldean egiten da, eta bestea, banaka; batean indarra lantzen da, eta bestean, beharbada, garrantzitsuagoa da erresistentzia".

Lasterka aritzea ere gustuko du. Azpeitiarrak oroitzen duenez, txikitan zaharragoak ziren lehengusuen eta anaiaren atzetik ibiltzen zen korrika; orduan, baina, besteen atzetik ibiltzen zen beti, haiek egiten zutena egiten. Anaiak eta lehengusuek lasterketetan parte hartzeari ekin zioten, Etxezabalek haien bide bera jarraitu nahi izan zuen. 5 urte zituela parte hartu zuen lasterketa batean lehen aldiz. "Korrika egitea denbora-pasa bat zen niretzat, ez nuen kiroltzat hartzen. Gero, igerian hasita ere, krosetan parte hartzen jarraitu nuen, baina besterik gabe. Eskola kirolean atletismorako izena ematen nuen, baina inoiz ez zen talderik osatzen".

Munduko txapelketak

Munduko hiru sokatira txapelketatan lehiatu da Etxezabal: 2020ko otsailean, Irlandan; 2018an, Txinan; eta 2014an, Irlandan. Lau eguneko txapelketak izan ohi dira mundukoak; ostegunetik igandera egin ohi dituzte. Ostegunean eta ostiralean kluben arteko txapelketak jokatzen dituzte, eta nahi duenak izaten du horietan izena emateko aukera. Nazioarteko txapelketa, berriz, larunbatean eta igandean egiten da. Euskal Herriko selekzioa lehia horretan aritzen da, eta horren arrazoia da Espainiako Estatuan beste herri kirol federaziorik ez izatea.

"Aurreko urtean lehenengo aldiz parte hartu nuen nazioarteko txapelketan, Euskal Herria ordezkatuz, eta oso berezia izan zen. Gainera, bigarren egin genuen. Kluben lehian, berriz, finala jokatzeko aukera izan zuen nire taldeak; ni kanpoan gelditu nintzen, baina urrea irabazi genuen Txinaren aurka. Oso zaila ikusten genuen lorpen hori eskuratzea, inork ez zuen espero halakorik, baina bi tiraldiak irabazi genituen. Bertan sortu zen tentsioa sentitzea soilik, esperientzia polita izan zen".

Motzean

Jaiotze data: 1990eko abenduaren 3a.
Lanbidea: Hezitzaile fisikoa.
Ikasketak: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua.
Hezitzaile fisikoa ez bazina… Ez dakit. Ziurrenik, kirolari loturiko zerbaitetan arituko nintzateke.
Lanetik kanpo, zer? Kirola egin, lasai egon, buelta bat eman, lagunekin egon eta mendira joan.