Amildegiaren ertzean

Ihintza Elustondo 2021ko eka. 5a, 17:00
Jose Luis Zendoia, Mikel Etxeberria, Ametz Salegi, Pello Etxeberria, Aitzol Aranguren eta Alberto Merino. (Ihintza Elustondo)

Herriko gazteek ibaian orduak eta orduak ematen zituzten lehen, nork amuarrain gehiago harrapatuko. Orain, baina, arau berriak eta amuarrainaren gainbehera tarteko, askoz ere jende gutxiagok du afizio hori. Atsekabetuta daude betiko arrantzaleak, nahiz eta zenbait gazteren ilusioak itxaropen pixka bat piztu dien. 2021eko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Duela ez hainbeste urte, inguruko ibaiak arrantzalez josita egoten ziren. Botak eta txalekoa jantzi, kanabera hartu, eta ibaian zer aurkituko bertaratzen ziren hainbat eta hainbat herritar. Denborarekin, baina, indarra galtzen joan da afizio hori, eta zaletasunari eutsi diotenak oraindik badiren arren, ez da lehengo mugimendurik Urola ibaian. Urtez urte gainbeheran joan da arrantza, amildegiaren ertzera iritsi den arte.

Afizio handia duten bi herritar dira Alberto Merino (Azpeitia, 1981) eta Jose Luis Zendoia (Azpeitia, 1951). Merino Azpeitian arrantza kontuez arduratzen da; hau da, Ollagorra elkarteko arrantza eta ehiza arduraduna da. Zendoia, berriz, urteetan kirol horren bueltan lan asko egindakoa da; aurrena Ollagorran aritu zen, eta gaur egun, Zumaiako Anade elkarteko kidea da.

Ollagorrak arrantzari lotutako ekitaldi bat antolatu behar izaten du urtero, kirol elkarte izaerari eusteko. Lehen, umeen arrantza txapelketa antolatzen zuten; azken urteotan, baina, ez dute lehia hori antolatu. "Araudia asko aldatu da azken urteotan. Lehen, Gipuzkoako ibaietako eremu gutxi batzuk baino ez ziren hil gabeko arrantza eremuak, eta orain, arrainak hiltzea baimentzen duten zati gutxi daude". Azpeitia inguruan, bi tokitan dago baimenduta hildako arrantza praktikatzea: Errezil errekan, Estradazar baserriko zubitik Domusa zubira bitartean, eta Ibaieder ibaian, Zapatari baserritik Urrestillako Toberagile errotako presaraino. Lehen, amuarrainak hil egiten zituzten txapelketetan, baina aldaketa horrek zailtasunak eragin zizkien Ollagorrakoei: "Hil gabeko arrantza txapelketa bat antolatzeak askoz ere lan gehiago eskatzen du, azpiegiturari dagokionez; izan ere, arrainak hiltzen ez badira, amuarrainen neurriaren arabera egiten da lehia, eta arrainak harrapatu ahala neurtu eta soltatu egin behar dira. Hori horrela izan dadin, antolatzaile taldean jende asko behar da", azaldu du Merinok. Arrantza elkartekoek ez zuten bideragarri ikusten halako txapelketa bat antolatzea.

Eztabaida arrantzaleen artean

Txapelketa bertan behera utzi izana ez da Azpeitiko arrantzaleak atsekabetu dituen gauza bakarra; arrainak ez akabatzearen aldeko apustuak ere eztabaida sortu du arrantzaleen artean. "Oso gai korapilatsua da; batzuk hiltzearen alde daude, eta besteak kontra. Eztabaida asko izan ditut nik gai horren inguruan. Gure soziedadeko jendeak ulertzen du batzuek hil gabeko arrantza egin nahi izatea, baina hil nahi duen arrantzaleari ere utzi egin behar zaiola pentsatzen dute gehienek", azaldu du Merinok.

Haren arabera, "batez ere adineko jendearen artean" egon izan da eztabaida. "Adineko gehienek zizarearen arrantza egin ohi zuten; hori betiko modalitatea da, ibaira gehiegi sartu gabe praktikatu daitekeena. Dena den, zizarearen arrantza hildako arrantza dela ulertzen du Gipuzkoako Arrantza Federazioak, eta debekatuta dago praktikatzea. Horregatik, adineko jendeak kolpera laga dio arrantza egiteari, derrigortu egin dituztelako".

Urtez urte, araudia mugatzen joan dira, eta horrek hainbat arrantzale atsekabetu du. "Araudiak onartzen du kirola dela arrantza, eta kirola den heinean, amuarrainak hil beharrik ez dagoela". Hil gabeko arrantzaren aldeko apustua egiteko arrazoia beste bat ere izan dela uste du Zendoiak. "Nire iritziz, erabaki hori hartzeko, amuarrainaren gainbeheran oinarritu da federazioa. Amuarrainaren beherakadari aurre egiteko bidean, kalterako ez da izango hil gabeko arrantza sustatzea, baina horren aldean arazo handiak daude".

2004. urteko arrantza txapelketa. (Utzitakoa)

Amuarrainaren gainbehera

Horretan ez dago zalantzarik: azterketek adierazten dute inguruko ibaietako amuarrainen kopurua izugarri murriztu dela azken urteotan. "Azterketek esaten dute beherakada horren eragilea ez dela arrantza, beste faktore batzuek gehiago eragin dutela: industriak, Irurenakoa bezalako istripuek...", azaldu du Merinok. "Horrelako ezbeharrek, amuarrainak hiltzeaz aparte, haien jatekoa ere desegiten dute. Eta ez da Irurenako sutea bakarrik, horrelako gehiago gertatu izan dira, eta denek eragin dute sekulako kaltea ibaian. Halako baten ostean, urteak behar izaten dira berriro lehengo fauna berreskuratzeko", erantsi du Zendoiak.

Ibaia kaltetzen duten ezbehar horiek izendatzeko, "erreketa" hitza baliatu du Zendoiak. Baina zer dira erreketak? "Erreketak ez dira suteak eta istripuak bakarrik. Esaterako, baserritarrek ganaduaren pixa ibaira botatzen dutenean ere, kalte handia jasaten du ibaiak. Produktu kimikoak, likidoak, disolbatzaileak... ibaian dagoen fauna hori kaltetzen duen edozer da erreketa". Arrantzari mugak jarri zaizkion arren, halako gertaeren aurrean neurririk ez dela hartzen salatu dute. "Sekula ez dute errudunik aurkitzen".

Merinok ere uste du beste eremu batzuetan hartu behar direla neurriak: "Teknikariek esaten dute nahiko garbi dagoela arrantza ez dela amuarrainaren gainbeheraren erruduna. Hala ere, arrantzan neurriak hartu dituzte, baina beste eremu batzuetan ez: industrian, adibidez. Beti esan izan dugu jarraipen bat egin behar dela; hau da, isunak jarri behar badira jarri egin behar direla. Eta isuna ez dadila izan multa soil bat; izan ere, bestela ordaindu eta berriro gauza bera egingo dute. Fokua aldatu behar da. Zenbat kostatzen da galdu den fauna hori berreskuratzea? Isuna lanketa hori egitera bidera dezatela".

Arrantzaleen ustez, ibaiaren osasuna kaltetu izanak eragin du amuarrain kopurua gutxitzea, eta gainera, birpopulaketarik egiten ez dutela uzten adierazi dute. "Historikoki, amuarrain asko soltatu izan da inguruotan; amuarrain haztegi bat zegoen, kanpotik arrainak ekarri eta ibaian askatzen ziren... Horrela bizia ematen zitzaion ibaiari, baina, gero, diputazioa eta animalien aldeko elkarteak azterketak egiten hasi ziren, eta ondorioztatu zuten birpopulaketa horiek bertako espezieari kalte egiten ziotela, kanpoko eta bertako espezieak elkarrekin nahasten zirelako. Hori dena saihesteko, birpopulaketak debekatu zituzten. Guk egiten ditugu bipopulaketak, baina amuarrain antzuekin, bertako espeziearekin nahas ez daitezen; modu horretan soilik egitea onartzen digute".

Arrazoi horiek guztiak medio, arrantza goitik behera amiltzen ari dela uste dute Zendoiak eta Merinok. Zendoiak, dena den, garaiak ere asko aldatu direla dio. "Lehen, guk ez geneukan besterik. Ibaia, eta, agian, futbola. Baina oraingo umeek gauza pila bat egiten dituzte: eskola, saskibaloia, futbola... Lehen, herri erdia arrantzan ibiltzen ginen. Orduan, zer zegoen ba? Arrantza. Gainera, gure gurasoak ere ibiltzen ziren, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen zen afizioa. Nire ustez, transmisio eten horrek eragin du kalterik handiena. Gainera, arrantzak asko eskatzen du: goizean jaiki egin behar da, errekan ibili... Umea ez dago arrantzara bakarrik bidaltzerik, gurasoak ere joan egin behar du harekin, eta orain, gurasoek nahikoa lan beren kontuekin... Orain ez da lehen bezala".

Garaiak aldatu izanaz gain, beste faktore batzuek ere eragin dute zaletasunaren gainbeheran, Merinoren ustez. "Egun, arrantzara joan eta umeek ez dute arrainik harrapatzen, amuarrain gutxi dagoelako; horregatik, pixkanaka afizioa alboratzen joan dira. Izan ere, egiten duzunak fruiturik ematen ez duenean... Gainera, lehen erakundeek gehiago bultzatzen zuten arrantza. Dena lotuta dago".

Zenbait gazteren ilusioa

Arrantzaren egungo panorama nahiko beltza da, beraz, eta Merinoren eta Zendoiaren arabera, ez Azpeitian bakarrik: "Leku guztietan ari da gertatzen gauza bera". Dena den, badira Azpeitian orduak eta orduak ibaian sartuta ematen dituzten gaztetxo batzuk: Mikel eta Pello Etxeberria anaiak (Azpeitia, 2008), Ametz Salegi (Azpeitia, 2008) eta Aitzol Aranguren (Azpeitia, 2008). Asteburuetan igarotzen dituzte ordu gehien arrantzan, "astegunetan eskolako lanak" izaten dituztelako. "Larunbatetan 08:00etarako joaten gara arrantzara", diote. Goiz eta arratsalde egon ohi dira ibaian, begiak argi eta kanaberak eskuan.

Arrantzaren beherakada nabaritu dute gaztetxo horiek ere. "Jende pixka bat ibiltzen gara arrantzan, baina ez aurreko urteetan bezainbeste. Iaz ez zuten amuarrainik soltatu, eta jendeak ez zuen ezer harrapatzen; horrela, aspertu egiten dira". Helduek hori hala dela baieztatu dute; koronabirusa tarteko, ez zuten amuarrainik askatu lehengo urtean. "Aurten askatu dituzte amuarrainak, baina jendea ez da hasi arrantzan, eta...", erantsi dute gazteek. Gainera, haien arabera, neskarik apenas ibiltzen da ibaian.

Eskolan ez bada, ibaian, eta ibaian ez bada, saskibaloian edo futbolean; ez da etxean egotekoa gazte kuadrilla. Baina arrantzak badu zerbait, beste kirolek ez dutena. "Amuarraina harrapatzean sentitzen duzuna sekulakoa da. Tira egiten dizu arrainak, eta emozio asko eragiten ditu horrek", adierazi du Salegik. Gaztetxoak izanagatik, maite dituzte ibaiko animaliak, haien formak ezagutzea, haien tirakadak sentitzea. "Segi dezatela horrelaxe, ez dezatela afizioa gal", diote helduek, gazteen grinak piztutako itxaropen apurrarekin.