Tokiko saltokiak babesteko asmoz, 2.000 erosketa bonu jarriko dituzte salgai udalak eta Bertanek

Andoni Elduaien 2021ko mai. 12a, 17:01

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren sustapen ekonomikorako bonuak jarriko dituzte saltzen datorren astelehenean Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak. 35 euro ordainduta, 50 euroko balioa duten erosketa bonuak eskuratu ahal izango dira.

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak Azpeitia Zaindu sustapen ekonomikorako bonu sorta berri bat ateratzea adostu dute. Iaz egindako bonu kanpainen ildotik, 50 euroko balioa izango duten beste 2.000 bonu jarriko dituzte salgai aurten, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Datorren astelehenean, maiatzak 17, jarriko dituzte bonuak salgai Bertanen bulegoan –09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara– eta Dendagoren webgunean. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta uztailaren 31ra arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Udalak jakinarazi duenez, bonu bakoitzak hamar euroko bost txartel izango ditu, eta horietako bakoitza banaka erabili ahal izango da. Halaber, hamar euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, berriz, azaldu dute diferentzia ez dela eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo direla diruagatik trukatu. 16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte kanpainako txartelak, eta pertsonako bi bonu erosi ahal izango dira gehienez. Gainera, gehienez lau bonu –20 txartel– erabili ahal izango dira erosketa berean. Produktua itzultzea erabakitzen dutenek, ostera, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du.

Pandemiaren eraginez kontsumoak izandako beherakadaren aurrean, udalarentzat bonuek "kalteak arintzeko bide" izan nahi dute. 30.000 euro bideratuko ditu udalak bonu kanpainara, eta herritarren ekarpenekin batera 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izatea aurreikusten du. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen hitzetan, herriko ekonomia "bultzatzea" eta "sustatzea" dira gaur egun udalarentzat lehentasuna: "Hilabete ezegonkorrak bizi ditugu, eta horregatik, garrantzitsua da beste behin Azpeitiko ekonomiaren alde konpromisoa eta neurriak hartzea. Abian jarri berri ditugu sustapen ekonomikorako laguntzak, eta horrekin batera datoz bonuak". Bide horretan, herritarrei "bertako merkataritzaren aldeko apustua" egiteko eskatu die Alkortak: "Bizi dugun egoerak erakutsi digu zein garrantzitsuak diren herriko merkataritza eta ostalaritza. Hori horrela izaten jarraitzeko, egin ditzagun erosketak herrian. Erabaki dezagun guztiok gure kontsumo ohiturak berraztertu eta herrian inbertitzea".

Mailu Arrieta Bertan elkarteko batzordekideak ere ildo beretik hitz egin du. "Merkatariok herritarren beharra dugu aurrera egiteko. Pandemiaren ondorioz, erosketak egiteko motibazioa galdu da, bereziki modarekin eta aisialdiarekin lotutako sektoreetan, eta bonuek pizgarri garrantzitsua suposatu dezakete. Aldi berean, Azpeitiko Udala tokiko merkataritzari laguntzeko egiten ari den esfortzua eskertu nahi genuke, kaleak bizirik mantentzearen erronka lorgarriagoa baita udalaren babesarekin".

Ostiralera arteko epea

Herriko merkatariak, ostalariak eta zerbitzu enpresa txikiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertan elkarteko kide direnak. Halere, kudeaketa merkatarien elkarteak egingo duela azaldu du udalak. Horrenbestez, ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek Bertanekin jarri beharko dute harremanetan ostirala, maiatzak 14, baino lehen. Horretarako, 943-02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deitu, bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo Enparan kalean elkarteak duen bulegora joan beharko da. Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestatu dituzten kartel eta esku-orri adierazgarriak jasoko dituzte, establezimenduetan ikusteko moduan izan ditzaten.