Iazko sorkuntza beken emaitzak plazaratuko dituzte ostiralean

Julene Frantzesena 2021ko mai. 12a, 12:35
iazko sormen beken irabazleak.

Beka eskuratu zuten sortzaile horiek etzi aurkeztuko dituzte proiektuak, 16:00etatik 20:00etara bitartean, Dinamoa sormen gunean eta Foru pasealekuko erakusketa aretoan. Orotara, sei proiekturen nondik norakoak azalduko dituzte horien egileek. Aurtengo beka deialdira proiektuak aurkezteko epea ere ostiralean bukatuko da.

2020an sorkuntza beka jaso zuten eta horien laguntzarekin kultur proiektua gauzatu duten sortzaileek ostiralean aurkeztuko dituzte egindako lanak. Guztira, hamabi proiektu aurkeztu zituzten iazko deialdira, eta horietatik lau proiektu eta bi sormen egonaldi lagundu zituzten udalak eta Kultur Mahaiak. Beka eskuratu zuten sortzaile horiek etzi aurkeztuko dituzte proiektuak, 16:00etatik 20:00etara bitartean, Dinamoa sormen gunean eta Foru pasealekuko erakusketa aretoan.

Iazkoa ezohiko urtea izan zela azpimarratu dute bekaren sustatzaileek, baina jakinarazi dute horrek ez zuela oztopatu beka martxan jartzea eta sortzaile berriei lanak gauzatzeko bultzada ematea. "Kultura eta sortzaileak bultzatzea eta babestea beharrezkoa den garai hauetan, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak sorkuntza bekari eutsi eta sortzaileei baliabideak eskaintzeko konpromisoa berresten jarraitzen dugu", azaldu du Ainara Larrañaga Kultura batzordeburuak. Sortzaile berriek iaz eginiko bidea ezagutzeko aukera izango dela eta, ostiralean aurkezpenera joatera gonbidatu ditu hark herritarrak.

Sei proiektu, sei aurkezpen

Iaz beka jaso zuten sei proiektu aurkeztuko dituzte arratsaldean, txandaka. Lehen aurkezpena Leire Agirrek eta Jone Iruretagoienak egingo dute Dinamoa sormen gunean. Zehazki, Eklektiko lana aurkeztuko dute, Azpeitian egindako sormen egonaldiaren emaitza. Izan ere, bi sortzaileek 4.000 euroko beka eskuratu zuten egonaldia gauzatzeko. Horren ostean, 16:30ean, Hau ez da haurren kontua proiektua aurkeztuko dute Ane Iturrizak eta Silvia Izquierdok Dinamoan bertan. Testuz eta irudiz osatutako ipuin ilustratua osatu dute, irakurtzeko zein entzuteko dena, gazteei eta helduei zuzendutakoa. Bi sortzaile horiek 2.780 euro jaso zituzten iaz proiektua egin ahal izateko.

17:00etan Azpeitiko ondarearen katalogazioa proiektua ezagutzeko aukera izango da Dinamoan, Elba Azpillagaren eskutik. Hark Azpeitiko balio arkitektonikoa aztertu, sailkatu eta katalogatu du, eta prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu. Proiektua garatzeko 3.508 euro jaso zituen Azpillagak. Saio horren ostean, 18:00etan, Foru pasealekuko erakusketa aretoan izango da hitzordua: Mirian Quintanak Bizipenak lana aurkeztuko du. Naturako materialekin eta margoekin egur gainean egin du esperimentua, eta emaitzarekin erakusketa zabaldu du. Sortzaile azpeitiarrak 3.792 euroko beka eskuratu zuen lana egiteko.

19:00etan Dinamoan jarraituko dute aurkezpenek. Izan ere, Alots Arregik Berrogeialdiko koadernoa proiektua aurkeztuko du jendaurrean. Tamaina txikiko, ertaineko eta handiko marrazki seriea egitea izan da sortzailearen xedea, eta horretarako, paper mota desberdinetan marrazkiekin esperimentatu du material xumeen laguntzarekin. Proiektua aurrera eraman ahal izateko 1.877 euroko beka eskuratu zuen Arregik. Azken aurkezpena 19:30ean hasiko da. Hain zuzen ere, iazko bigarren sormen egonaldiaren emaitza plazaratuko du Unai Bidasorok. Entresaka izenburupean irudiez hausnartzeko espazioa sortu du, eta horretarako 4.000 euroko beka jaso zuen.

Aurtengo bekak eskatzeko azken egunak

Kultur sorkuntza beken seigarren edizioa martxan da, eta herritarrek dagoeneko aurkez ditzakete proiektuak. Horretarako azken eguna ostirala, maiatzak 14, izango da. Honako lotura honetan irakur daitezke deialdiaren oinarriak.

Bekaren irabazleentzat 20.000 euroko diru poltsa jarri dute Azpeitiko Udalak eta Kultur mahaiak aurtengoan, eta Dinamoa sormen guneko baliabideak erabili ahal izango dituzte horiek proiektua gauzatu ahal izateko. Sormen proiektuak ez ezik, kultur sorkuntza egonaldiak egiteko bi beka ere emango dituzte sustatzaileek aurtengoan.