Azpeitiko musika taldeen diskografien inguruko solasaldia izango da bihar Gaztetxean

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 12a, 10:56

Azpeitiye desegin musika zikloaren barruko ekitaldia izango da biharkoa. 18:00etan hasiko da saioa.

Azpeitiko musika taldeen diskografiak izango dituzte hizpide bihar, 18:00etatik aurrera, Gaztetxean. Azpeitiye desegin musika zikloaren baitan antolatutako saioa izango da eta Jon Lokatza izango da hizlaria. Aurreratu duenez, garaiz garai joango da, testuinguruari buruzko zertzelada batzuk emanez, eta garai bakoitzean herriko taldeek kaleratutako lanei aipamena eginez. "1963an ateratako trikitixa disko batetik abiatuta, estilo guztietako musika jorratu duten herriko taldeez eta haien lanez hitz egingo dut. Aipatuko ditut punk taldeak, baina baita erromeria, pop edota heavy taldeak ere, era guztietakoak". Azpeitiartzat har daitezkeen taldeen ehundik gora diskoren berri duela adierazi du hizlariak. Solasaldia berak gidatuko duen arren eta azalpen gehienak berak emango dituen arren, materiala biltzen beste hainbat kidek ere lagundu diotela nabarmendu du, eta nahi duen orok izango duela hitz egiteko aukera.

Apirilaren erdialdera ekin zioten Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Azpeitiye desegin musika zikloari, No acepto dokumentalaren emanaldiarekin eta Hook zein Trini Fox musika taldeen kontzertuekin, eta datozen egun eta asteetan jarraituko dute egitarauarekin. Larunbatean, hilak 15, Üther eta Ernia taldeek kontzertua emango dute 17:00etan hasita; ekainaren 17rako Musika eta politika mahai ingurua antolatu dute; eta ekainaren 19an, zikloari bukaera emateko, Arroite eta Ukabil musika taldeek kontzertua eskainiko dute Gaztetxean.