Klima aldaketaren inguruan hausnartzeko tailerra izango da igandean Ekoetxean

Anartz Izagirre 2021ko mai. 11a, 10:30
Kamishibaia.

Irakurketa, idazketa eta plastika teknikak uztartuz, klima aldaketaren inguruan hausnartzea izango da familiei zein 5-11 urte bitarteko haurrei zuzenduriko ikastaroaren helburua. Igandean, hilak 16, 12:00etatik 13:30era izango da saioa, eta ostirala baino lehen eman beharko da izena, Ekoetxera joanda edo 943-81 24  48 telefonora deituta.

Kamishibai: Maiterki eta klima aldaketa izenburupean, klima aldaketaz hausnartzeko ikastaroa egingo dute igandean, hilak 16, 12:00etatik 13:30era, Ekoetxea Azpeitian. Jarduera hori familiei eta 5-11 urte bitarteko haurrei zuzendurik dago, eta irakurketa, idazketa zein plastika teknikak uztartuko dituzte bertan.

Kamishibaia Japonian sortutako tresna bat da, eta mota horretako ipuin bat irakurriko du Iñaki Martiarena sortzaileak; horren ostean, marrazketa zein idazketa tailerra egingo dute. Tailer horren helburua da tresna horren bitartez klima aldaketaren aurrean zer egin daitekeen ikastea; era berean, jolaserako, adierazpena lantzeko eta ipuinak sortzeko baliatu nahi dute tailerra.

Ikastaroan plaza mugatuak izango dira, eta maiatzaren 14a, ostirala, baino lehen eman beharko da izena, Ekoetxean bertan (Loiola auzoa, 1) edo 943-81 24 48 telefonora deituta.