"Istripuetan hildakoei eta beren senideei eskaini nahi diet txapela"

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 11a, 10:00
Jon Alberdik txapelketa irabazi zuen unea. (Baiko)

Jon Alberdik Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketa irabazi du, Ruben Salaverri bikote duela. "Behetik gorako txapelketa" egin dutela uste du azpeitiarrak, eta "gustura" dago.

Jon Alberdi pilotaria Promozio mailako Binakako Pilota Txapelketako txapelduna da. Ruben Salaverri errioxarrarekin batera osatu du bikotea azpeitiarrak, eta 22 eta 11 menderatu zituzten Elordi eta Garmendia larunbatean Logroñoko (Errioxa, Espainia) Adarraga pilotalekuan jokatutako finalean.

Larunbateko finala "txapelketa guztiko partidarik onenetako bat" izan zela adierazi du Alberdik. "Txapelketaren erdialdean, beste partida batzuk ere egin genituen onak, baina ez da erraza izaten finala bezalako momentu inportante batean gustura gelditzeko maila ematea. Larunbatean lortu genuen hori, eta gustura nago". 

22 eta 11; dezenteko aldearekin gailendu zen bikotea finalean. "Bagenekien finala ondo hastea garrantzitsua izango zela, galtzen hasiz gero, arriskua hartzeko beldur gehiago izan ohi delako. Markagailuan aurretik jartzea lortu genuen hasieratik, eta horrela, errazagoa egin zitzaigun arriskatzea. Behin alde hori izanda, uste dut jakin genuela horri eusten".

Dena den, pilotariak ez zuen espero partida erraztasun horrekin irabaztea. "Uste dut inork ez zuela espero. Beraiek ziren faboritoak, eta gainera, normala iruditzen zait, gu baino txapelketa hobea egin dutelako orokorrean, finalerdiak arte behintzat. Hala ere, alde pixka batekin hasteak konfiantza eman zigun, eta ondo joan zitzaigun finala. Baina emaitza ez dut uste jendeak esperotakoa izan zenik". 

"Behetik gorako txapelketa"

Alberdiren arabera, "behetik gorako txapelketa" egin dute Salaverrik eta biek. "Hasieran asko kostatu zitzaigun neurketak irabaztea; aurreneko sei asteetan bakarra irabazi genuen, eta bagenekien partida mordoa irabazi behar genituela play offak jokatu ahal izateko. Gero, bolada ona etorri zaigu, eta horri eusten joanda, bukaerara arte iritsi gara". 

Txapela janzteko unean, "etxekoak eta pandemia honetan sufritzen ari direnak" izan zituen gogoan Alberdik. "Bestalde, azkenaldian gazte dezente joan zaizkigu istripuen ondorioz Azpeitian, eta beraiei eta beren senideei eskaini nahi diet txapela". 

Binakako txapelketa amaitu berri, buruz burukoari begira dago orain Alberdi. "Bi aste barru hasiko da txapelketa, eta final laurdenak jokatzea tokatuko zait. Hiruzpalau asteko lehia izan ohi da, baina oso garrantzitsua da txapelketa hori ere. Hori jokatu eta gero, uste dut lasaixeagoa izango dela uda, txapelketetako tentsiorik ez dugu izango behintzat. Baina, orain, ahalik eta buruz burukorik onena egiten saiatuko naiz".