Herritarren iritzia jasotzeko inkestak gauzatuko ditu udalak egunotan

Julene Frantzesena 2021ko mai. 10a, 12:44
Azpeitiko irudi bat.

Azpeitiarrek herriaz, udalaz nahiz eskaintzen diren zerbitzuez duten iritzia jasotzeko 400 bat inkesta gauzatuko ditu erakundeak gaur hasita. Deia jasotzen duten herritarrei galderei erantzuteko tartetxo bat hartzeko eskatu die udalak, herritarren iritziei eta aniztasunari esker ahalik eta emaitza "errealena eta onena" eskuratzeko.

Azpeitiarrek herriaz, udalaz nahiz eskaintzen diren zerbitzuez duten iritzia jasotzeko inkestak egingo ditu egunotan udalak. Ausaz egokitutako telefono zenbakietara deituta, 400 bat inkesta gauzatuko ditu erakundeak gaur hasita. Deia jasotzen duten herritarrei galderei erantzuteko tartetxo bat hartzeko eskatu die udalak, herritarren iritziei eta aniztasunari esker ahalik eta emaitza "errealena eta onena" eskuratzeko. Era berean, herritarrei aldez aurretik eskerrak eman dizkie, "beren iritzi eta beharrak ezagutzeko eskainiko duten laguntzagatik".

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, ez da erakundeak egingo duen lehen galdeketa; izan ere, haren arabera, "ohikoa" bilakatu da herritarrek gai jakinei buruz duten iritzia jasotzea. "Orain, hilabete ezegonkorrak eta aldakorrak bizi ditugula ikusita, galdeketa orokor bat egitea erabaki du udalak, herritarren ahotik jasotzeko zer-nola hobetu dezakeen bere kudeaketa". Udalak azaldu duenez, jasotako informazioa "Azpeitia hobetzen segitzeko tresna baliagarria" izango da.