Gazte langileen bizipenak, hausnarketarako mintzagai

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 10a, 10:18
Industria langile, gizarte hezitzaile, tabernari eta erizain bana aritu ziren solasean. (Argazkia: GKS)

Zein da Azpeitiko gazte langileon egoera? mahai-ingurua izan zen zapatuan Azpeitiko Gaztetxean, GKSk antolatuta. Hainbat lan sektoretako gazteen esperientzietatik abiatuta, "gazteen lan munduaz eta bizi baldintzez" hausnartu zuten, eta hizpide izan zituzten, besteak beste, "kontratuen aldi batekotasuna, egonkortasun falta, soldata debaluazioa, lan hitzarmen eza, praktika kontratuak eta langabezia".

Zein da Azpeitiko gazte langileen egoera?. Galdera horretatik abiatuta, gazteen lan munduaz hausnartzeko tartea izan zen joan den zapatuan, hilak 8, Azpeitiko Gaztetxean. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatuta, mahai-ingurua eskaini zuten hainbat lan sektoretan aritzen diren lau gaztek, tabernari, erizain, gizarte hezitzaile eta industria langileak. Lau gazteek beren egoera eta bizipenak elkarbanatu zituzten Gaztetxean elkartutako gainerako gazteekin, eta esperientzia horiek mahaigaineratu ostean, hainbat auzitan sakondu zuten.

Antolatzaileen hitzetan, "herriko gazte langileen errealitatea" izan zuten hizpide, eta lanbide desberdinetan aritzen diren gazteen esperientziatik abiatuta, "lan eta bizi baldintzen inguruko analisia" egin zuten. Hala, gazte lan mundua ezaugarritzen duten fenomenoak "kontratuen aldi batekotasuna, egonkortasun falta, soldata debaluazioa, lan hitzarmen eza, praktika kontratuak eta langabezia –ABEEn auzia, kontraturik gabeko kasuetan kaleratzea doainik...–" direla ondorioztatu zuten. "Fenomeno horiek klase kapitalistarentzako diru iturri direnez, bertan aurkitzen da problematiken funtsa ere: ez direnez gertaera isolatuak, horien izaera estrukturalaz jabetu behar gara horien analisi zuzena egin eta aurka egingo dieten dinamika zuzenak martxan jartzeko".

Era berean ondorioztatu zuten, gazteek "beren burua erreproduzitzeko duten gaitasun eza dela eta", familiaren zein estatuaren erakundeen dependendentzia dutela. Hor kokatu zituzten emantzipatzeko edo ikasketak zein garraioa ordaintzeko zailtasunak. Amaitzeko, lan zein bizi baldintzak hobetzera bidean "antolatzearen beharra eta garrantzia" nabarmendu zituzten, eta norabide horretan lanean jarraitzeko asmoa erakutsi zuten. 

Mahai-inguruko une bat. (GKS)