140 lagun inguru elkartu dira herriko tontorretan, Sareren deialdiari erantzunez

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 8a, 14:43

Erlo, Xoxote eta Arauntza mendietan elkartu dira herritarrak, euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen etxerako bidea irudikatzeko. 15.000 kilometro osatzeko erronkara 1.600 kilometro inguru batu dituzte azpeitiarrek.

Sare Herritarra eta Bake Bidea plataformek antolatuta, Euskal Herriko 650 tontorretara ibilaldiak egin dituzte gaur, 650 Tontor egitasmoaren barruan. Azpeitian ere ez diote deialdiari hutsik egin, eta 140 herritar inguru elkartu dira Erlo, Xoxote eta Arauntza mendietan. Azpeitiarrek 1.600 kilometro inguru batu dituzte 15.000 kilometro osatzeko erronkara. Egitasmoaren helburua izan da Euskal Herriko biztanle kopurua kilometrotan egitea, euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen etxerako bidea irudikatzeko.

Azpeitiko Sarek azaldu duenez, gaur, Euskal Herri osoan, milaka lagunek bidea egin dute 650 tontorretaraino. "Konpon-bidea. Preso eta iheslarien etxerako bidea. Horixe da urratsez urrats gaurkoan hemen bildu garenok egin dugun bidea. Izan ere, azken urteetan argi erakutsi dugunez, herritarrok presoen eta iheslarien auzia behin betikoz konpontzeko nahia dugu, bidegabea delako egun oraindik indarrean den ezohiko espetxe politika hau".

Euskal presoei legedi arrunta ezarriz gero, "larriki gaixo diren presoek eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenek jada etxean" behar luketela nabarmendu du dinamikak. "Graduen progresio naturala dela medio, presoen gehiengoa hirugarren graduan litzateke, baimenekin. Pow eta Gotzonek etxean behar lukete", erantsi dute.

Sareren arabera, "euskal presoen gerturatzea gauzatzen" hasia da. "Urruntze politikarekin amaitzeko oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka distantzia laburtzen hasiak gara. Baita graduen progresioari dagokionez ere; oso gutxinaka bada ere, ate berriak zabaltzen hasi dira. Argi dugu aldaketa horiek ez direla nahikoa, baina bide berriak zabaltzeko baliatu behar ditugu. Inoiz baino garrantzitsuagoa da   konponbiderako eta presoen etxeratze prozesua garatzeko gure nahia kalean azaleratzea, gehiengoaren nahia zein den ikusaraztea. Bultzada hori gabe, ez da sekula etxerako bidea gauzatuko. Horretan jarraitu behar dugu, horrela eragotzi baitezakegu senideen eta lagunen sufrimendua".

Sare Eguna, maiatzaren 22an

Aldarrikapen horiek lau haizetara zabaltzeko asmoz, mendian elkartu dira gaur hainbat herritar. Dena dela ere, datozen egunetan kalean elkartzeko deia egin du Azpeitiko Sarek. Hain zuzen ere, maiatzaren 22an Sare Eguna izango da. "Egoerara egokitu beharra izan dugu aurten. Hala ere, 12:30ean elkartasun adierazpena egingo dugu plazan, eta bertan ahalik eta herritar gehienok batu behar dugu. Asteburuan zehar plazan erakusketa kronologikoa ere egongo da herritarren eskura".