ZIENTZIA

Tecnalia, bioekonomiaren aldeko apustuan zelulosari aterabideak topatzen

Maialen Etxaniz - Aitziber Arzallus - Urtzi Oteiza 2021ko mai. 7a, 12:08

Azpeitian dago zelulosa zuntzen ikerketarako Europako laborategirik aurreratuenetako bat, Tecnaliaren egoitzan. Oraintsu arte ia papergintzan bakarrik erabili izan duten lehengai natural horren gaitasunak aztertzea eta merkaturatzeko bide berriak bilatzea da hango ikerlarien egitekoa. Alvaro Tejado da ikertzaile taldeko burua eta ikertzaileetako bat da Maider Azpeitia. Tecnaliara bertaratu da Erlo Telebista, zelulosaz eta nanozelulosaz gehiago jakiteko eta egiten duten lana gertutik ezagutzeko.

Zelulosa ezinbesteko lehengaia da papergintza industriarentzat. Landareetatik eta zuhaitzetatik ateratzen den polimero natural hori erabiltzen dute papera eta orea ekoizteko. Baina beste aterabide batzuk ere izan ditzakeela uste dute Tecnaliaren Azpeitiko egoitzako ikertzaileek, eta horretan ari dira lanean: zelulosaren gaitasunak ikertzen eta merkaturatzeko bide berriak topatzen. Ez dira hasiberriak, badaramatzate hamar bat urte horretan, baina laborategia handitu eta makineria berria sartu dute orain, eta, horri esker, zelulosaren ikerketarako Europako laborategirik aurreratuenetako bat eraiki dute. Kimikan eta materialen teknologian ibilbide luze bezain esanguratsua duten zazpi ikertzaile aritzen dira lanean; taldeburua Alvaro Tejado da, eta ikertzaileetako bat, Maider Azpeitia.

Zelulosaren aukerak aztertzeko zelulosa zuntzak hainbat modutara manipulatzen dituztela esan du Azpeitiak: fisikoki zein kimikoki. “Batetik, zelulosa zuntzak hartu eta nanozelulosa zuntz bihurtu arteko prozesu fisikoa gauzatzen dugu laborategian, eta, bestetik, prozesu kimikoen bidez, funtzionalizatu egiten ditugu”.

Prozesu fisikoa azaltzeko, Azpeitiak zelulosa zuntzen jatorriaz eta egituraz hitz egin du aurrena: “Landareen eta zuhaitzen biosintesi prozesuan sortzen dira zelulosa zuntzak. Zuntz horiek, aldi berean, multzokatuta dauden zuntz txikiago batzuez osatuta daude. Eskalan jaitsiz joaten bagara, mikrozuntzak lortuko ditugu, eta, are gehiago jaitsiz gero, nanozuntzak. Zelulosaren polimero katearen zatirik txikiena lirateke nanozelulosa zuntzak, eta guk horiekin lan egiten dugu, batez ere”.

Idatzizko erreportajea osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean