Azpeitiko Mugikortasun Plana berrituko du udalak

Julene Frantzesena 2021ko mai. 7a, 09:30

Intregrazio, partaidetza eta ebaluazio oinarriekin bat datozen etorkizunerako estrategiak zehaztu nahi ditu erakundeak. Udalak azaldu duenez, bi izango dira Mugikortasun Planaren helduleku nagusiak: irisgarritasuna hobetzea eta garraioaren eragina gutxitzea. 

Dagoeneko martxan diren eta jarri nahi dituen mugikortasun politikak antolatzeko, Azpeitiko Mugikortasun Plana berrituko du udalak. Integrazio, partaidetza eta ebaluazio oinarriekin bat datozen etorkizunerako estrategiak zehaztu nahi ditu erakundeak, hala nola joan-etorriak egiteko modu jasangarriak sustatzea –oinez, bizikletaz nahiz garraio publikoz–, gizarte kohesioa zein ingurumenaren defentsa areagotzea eta udalerrian bizi, lan egin eta aktibitatea garatzen duten herritarren bizi kalitatea bermatzea.

Udalak azaldu duenez, bi izango dira Mugikortasun Planaren helduleku nagusiak: irisgarritasuna hobetzea eta garraioaren eragina gutxitzea. Horretarako hainbat puntu jorratzea nahi du erakundeak: ekoizpen sistemaren lehiakortasuna hobetzeko garraio eredu eraginkorragoa eratzea; gizarte integrazioa handituz, irisgarritasun unibertsalagoa izatea; herritarren bizi kalitatea hobetzea; herritarren osasun baldintzak arriskuan ez jartzea; joan-etorrietarako segurtasun handiagoa ematea; eta mugikortasun eredu iraunkorrak ezartzea.

Mugikortasun Plana hiru fasetan gauzatuko du erakundeak. Lehen fasean, gaur egungo egoeraren analisia eta diagnosia egingo ditu. Bigarrenean, berriz, ekintza plana osatuko du, eta hirugarrenean, plana izapidetu.