Mikel Aiestaran: "Zatiketen hiria da Jerusalem"

'Berria' egunkaria 2021ko mai. 5a, 16:00
Mikel Aiestaran. (Quique Kierszenbaum)

Jerusalemi buruz guztia idatzita dagoela dio Mikel Aiestaran kazetariak (Beasain, 1975), baina hiriari buruzko liburu batekin itxi du Ekialde Hurbilari buruzko trilogia: Jerusalen, santa y cautiva (Jerusalem, santua eta gatibua), Peninsula argitaletxearekin. Hiri Zaharrean oinarritu du, eta ikuspegi pertsonala eman, pertsonaien aukeraketatik —komunikabideetan agertu ohi ez direnak—, bere bizimoduari buruzko zertzeladetaraino. Berria egunkarirako, Aiestaranekin hitz egin du Jakes Goikoetxea kazetariak.

Zaila da liburua definitzea: kronika bat, historiaz jantzia, bizipen pertsonalekin eta informazio praktikoarekin osatuta. Poliedrikoa da.

Jerusalem poliedrikoa da, eta liburu batean jaso nahi nuen. Jerusalemdik beti gauza paranormalak, harrigarriak, ezohikoak etortzen dira, bai politikatik, bai erlijiotik; baina Jerusalemen gauza arruntak eta toki arruntak ere badaude, jendea bizi da, eta horiek ere sartu ditut.

Kairoren eta Beiruten artean zalantza egin, eta Jerusalemera joan zineten?

Familiarekin bizitzeko lehentasuna segurtasuna zen, toki segurua izatea, eta Jerusalem oso segurua da, nahiz eta kanpoan beste irudi bat duen. Jerusalem, gainera, herri bat bezalakoa da: eskolara oinez joaten gara, eta guztia daukagu bertatik bertara. Gainera, bai juduak, bai arabiarrak oso umezaleak dira. Profesionalki, gainera, gatazka barrutik ezagutu nahi nuen.

Herrialde nagusietako hiriak kenduta, Jerusalem da munduko hiririk ezagunena?

Mendebaldean bai. Gure heziketa judu-kristaua izan da, eta txiki-txikitatik beti azaltzen zaigu Jerusalem. Asiako lankideentzat, heziketa judu-kristaua jaso ez dutenentzat, ordea, ez da hain ezaguna.

Erlijioagatik ez ezik, gatazkagatik ere bada ezaguna.

Bai, sortu zenetik kontrolatu nahi izan dute kristauek, musulmanek eta, orain, juduek.

Azaltzeko hiri zailenetakoa da?

Azaltzeko oso zaila da. Kanpotik ikusita, hiria taldeetan banatuta dago: juduak hemen, kristauak hor, musulmanak han... Baina, pixka bat gerturatzen zarenean, talde bakoitza ere zatituta dago. Inon ez dut ikusi halako zatiketarik. Zatiketa amaigabeen hiria da. Konturatzen zara guztiak batera bizi direla, baina ez nahastuta: bakoitza bere munduan bizi da. Egutegi ezberdinak dituzte, ate ezberdinak erabiltzen dituzte Hiri Zaharrean sartzeko, denda ezberdinetan egiten dituzte erosketak... Kalean etiketa batekin joatea bakarrik falta zaigu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.