Enpresa txikiei eta ertainei zuzendutako laguntza plana aurkeztuko du Jaurlaritzak maiatzaren 13an Azpeitian

Julene Frantzesena 2021ko mai. 5a, 09:42

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak 68 programa bildu ditu 433 milioi euroko aurrekontua duen planean, eta Urola Erdiko enpresek azalpenak entzuteko parada izango dute egun horretan, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Parte hartu nahi duten enpresetako ordezkariek streaming bidez jarraitu ahal izango dute saioa, baina aurrez izena eman beharko dute jvalverde@iraurgiberritzen.eus e-posta helbidera mezua idatzita.

Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txikientzat eta ertainentzat garatuta duen laguntza planaren aurkezpena egingo du maiatzaren 13an, osteguna, Basazabal jauregian. Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak 68 programa bildu ditu 433 milioi euroko aurrekontua duen planean, eta Urola Erdiko enpresek azalpenak entzuteko parada izango dute egun horretan, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Parte hartu nahi duten enpresetako ordezkariek streaming bidez jarraitu ahal izango dute saioa, baina aurrez izena eman beharko dute jvalverde@iraurgiberritzen.eus e-posta helbidera mezua idatzita.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Jaurlaritzak elkarlanean antolatu dute saioa, eta hainbat sozietatetako ordezkariek parte hartuko dute bertan, hala nola Aitor Urzelai SPRI taldeko zuzendari nagusiak, Leire Madariaga Eraldaketa Digital eta Ekintzailetza zuzendariak, Mikel Amundarain Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendariak, Ainhoa Ondarzabal BTI-Nazioartekotzeko Euskal Agentziako sailburuak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak, Alex Boto IHOBEko zuzendariak eta Javier Plasencia Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak. Horiek programen gaineko xehetasunak eskainiko dituzte, enpresek beren jarduerara ondoen egokitzen dena hauta dezaten. 

Eusko Jaurlaritzaren arabera, ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea dira programa horien helburuak. Izan ere, erakundeak adierazi duenez, COVID-19ak eragindako pandemiak Arabako, Bizkaik eta Gipuzkoako ekonomian %9,5eko jaitsiera eragin du, eta hiru lurralde horietako langabezia tasa %11,2 da. Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen Sailak azaldu du ekonomia suspertzen eta enplegua sortzen laguntzeko lanean ari dela.