Hondakinen gaikako bilketaz kontzientziatzeko kanpaina jarri du martxan Urola Erdiko Mankomunitateak

Julene Frantzesena 2021ko mai. 4a, 15:03

Gaikako bilketaren ehunekoa urtez urte gora egiten ari bada ere, gaiaren inguruan lanketa egitea erabaki dute mankomunitateak eta Urola Erdiko udalek. Birziklatu, zure esku dago kanpainaren barruan, sentsibilizaziorako informazio puntua jarriko du mankomunitateak ostiralean eta datorren asteartean Azoka Plazan. Informazio gunea "parte-hartzailea" izango da.

Hondakinen gaikako sailkapena sustatzeko kanpaina bat jarri du martxan Urola Erdiko Mankomunitateak. Birziklatu, zure esku dago izenburupean gauzatuko du kanpaina erakundeak, eta hainbat ekintza egingo ditu herritarren kontzientziazioan eragiteko. Azpeitian, esaterako, hondakinen %73 gaika bildu zituzten 2020an, eta ehunekoa urtez urte gora egiten ari bada ere, gainaren inguruan lanketa egitea erabaki dute mankomunitateak eta Urola Erdiko udalek. Izan ere, hondakinak etxean bereizten jarraitu beharra dagoela azpimarratu du erakundeak, eta gogorarazi du gehiago eta hobeto birziklatzea dela helburua.

Kanpainaren barruan, gaikako bilketaren inguruko erakundea eskuorri bat banatzen ari da etxez etxe. Gainera, ostiralean eta datorren asteartean sentsibilizaziorako informazio puntua jarriko du mankomunitateak Azoka Plazan: ostiralean 15:00etatik 20:00etara, eta asteartean, 09:00etatik 14:00etara. Informazio puntura joaten diren herritarrek informazioa jasotzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute, baita tailerrez eta jolasez gozatzeko ere.

Informazio gunea "parte-hartzailea" izango dela azaldu du mankomunitateak. Batetik, Ekovidrioren karpa jarriko dute, eta han beira-aleen nahiz txapen tailerrak eskainiko dituzte. Bestetik, Ecoembesen gunea jarriko dute, eta han asmakizun joko bat egin ahal izango dute herritarrek. Horrez gain, hondakinak gaika bereizteko joko bat ere jarriko dute.

Hiru ingurumen hezitzaile izango dira gunea dinamizatzen. Gainera, egun bakoitzean tokiko produktuz osatutako saski bat zozkatuko dute informazio eremura joaten diren eta parte hartzeko txartela betetzen duten herritar guztien artean.