Koronabirusa Azpeitian

Sei positibo baieztatuta, zertxobait igo egin da herriko intzidentzia tasa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 4a, 13:26

Igoera ez da handia izan; atzo 505,91ekoa zen tasa eta 519,05koa da gaur. Urola Kostan, berriz, 31 kasu berri zenbatu dituzte, herengun adina. Dena dena, joan den astetik apaltzera egin du positibo berrien kopuruak, eta herri gehienetan intzidentzia tasa jaitsi egin da.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horien arabera, azken orduetan sei kasu berri zenbatu dituzte Azpeitian. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak zertxobait gora egin du, baina igoera ez da handia izan: atzo 505,91ekoa zen tasa eta 519,05koa da gaur.

Urola Kostan, berriz,  31 kasu positibo zenbatu dituzte guztira, igandeko probetan bezainbeste. Beste egun batez Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, hain zuzen, bederatzi. Azkoitian eta Zumaian seina emaitza positibo izan dira, eta nabarmentzekoa da hiru positibo hauteman dituztela Errezilen. Zestoan, bestalde, kasu berri bat baieztatu dute.

Azken orduetako datuak kontuan hartuta, Azpeitian ez ezik, Errezilen ere gora egin du kasu metatuen tasek; 483,09koa zen atzo eta 805,15ekoa da gaur. Urola Kostako udalerri gehienetan, ordea, behera egin dute intzidentzia tasek: 1.460,96tik 1.108,31ra jaitsi da Aian, 993,07tik 934,66ra Azkoitian, 954,06tik 742,05era Getarian, 848,01etik 717,55era Orion, 1.075,08tik 993,70era Zarautzen, 539,29tik 513,61era Zestoan, eta 1.119,37tik 1.099,01era Zumaian. Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, berdin mantendu dira tasak; hain zuzen, 1.690ean eta hutsean.

Hortaz, gaur-gaurkoz, bost dira eremu gorrian jarraitzen duten eskualdeko herriak: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia.

Positibotasun tasa behera Hego Euskal Herrian

Koronabirusa atzemateko 13.395 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, bezperan baino 4.041 gehiago. Igandean baino 155 lagun gehiagok eman zuten positibo atzoko probetan, alegia, 768 lagunek. 351 kasu detektatu zituzten Bizkaian, 246 Gipuzkoan, 122 Nafarroan, 42 Araban eta zazpi beste lurralde batzuetan. Positibotasun tasak, dena den, behera egin du Hego Euskal Herrian. Atzoko probetan %5,1ekoa izan zen Nafarroan eta %5,6koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; igandean, aldiz, %7koa eta %6,1ekoa izan zen, hurrenez hurren.

Osakidetzan bikoiztu egin dira ospitaleratze berriak: 92 ospitaleratze berri izan ziren atzokoan, eta 45 izan ziren bezperan. Gaur egun 188 pertsona dituzte ZIUetan, eta 493 dira COVID-19ak jota Osakidetzaren erietxeetan dauden pertsonak.