Prest dute Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko ospakizun egitaraua

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 3a, 18:49
Ospakizun egitaraua aurkezteko gaur arratsaldean plazan egin duten agerraldia.

Maiatzaren 10etik uztailaren 24ra bitartean sei ekitaldi egingo dituzte: argazki erakusketa bat, Kultur Zuhaitz Eguna, nazio mailako bi jardunaldi, Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala eta Sanagustinen 10. urteurreneko ekitaldia.

Sanagustin kulturguneak hamar urte bete ditu, eta gaur arratsaldean aurkeztu dute urteurrenaren bueltan antolatu duten ospakizun egitaraua. Maiatzaren 10etik uztailaren 24ra bitartean sei ekitaldi izango direla iragarri dute: argazki erakusketa bat, Kultur Zuhaitz Eguna aste bukaera batean, bi jardunaldi —kultur artikulazioaz bat, eta herri ekimena eta kooperatibismoaz bestea; biak nazio mailakoak—, Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala eta Sanagustinen 10. urteurreneko ekitaldia. Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta hainbat norbanakok ospakizunerako sortu duten Herri Batzordeak antolatu du egitaraua.

Batzorde horretako kideek adierazi dutenez, ekitaldiokin kulturgunearen irekiera eta bilakaera gogoratuko dituzte; "izan ere, Azpeitiarentzat, eta ez bakarrik kultur eremuarentzat, mugarri bat izan zen irekiera, eta, gainera, proiektuak garapen garrantzitsua izan du". Baina ez dira mugatuko ibilbidea aztertzera. "Etorkizunerako begirada bat ere izan nahi dugu, herriko kultur komunitateak bide berriei eutsi ahal izateko. Urtemuga honetako leloak dioen bezala, beste hamaika bizitzeko_ baikaude".

Momentuz, bi dei berezi

Momentuz, egitarauari dagokionez, bi dei berezi egin dituzte antolatzaileek. Batetik, maiatzaren 10ean Sanagustinen zabalduko duten argazki erakusketarako argazkiak bidaltzeko eskatu diete herritarrei. "10 urte hauetan kulturgunean haiek izandako bizipenak jaso nahi ditugu, modu grafiko batean". Herritarrek korreo elektronikoz edo Whatsappez bidal ditzakete irudiak, sa10urteargazkitan@gmail helbidera edo 674 165 682 zenbakira.

Bestetik, maiatzaren 28an egingo duten kultur artikulazioari buruzko nazio jardunaldirako izena emateko eskatu diete herritarrei, ez azpeitiarrei bakarrik, nahi duten guztiei baizik. Herritarrek bihartik aurrera izango dute horretarako aukera; Azpeitiko kultur taldeei, berriz, hilaren 9ra arte luzatu diete izena emateko epea. Parte hartzea doakoa izango da.

Egitarau osoa

  • Maiatzak 10, astelehena. Argazki erakusketaren irekiera. 10 urte hauetan kulturgunean herritarrek izandako bizipenen irudiekin osatuko dute erakusketa. Sanagustin kulturgunean izango da eta ikusgai egongo da uztailaren 24ra arte.
  • Maiatzak 28, ostirala. Kultur artikulazioa: nondik, zertarako eta nola jardunaldia. Sanagustin kulturgunean, 9:30etik 13:30era. Herri Batzordeak eta Jakin Fundazioak elkarlanean antolatu dute eta Euskal Herriko adituak eta eragileetako ordezkariak izango dira hizlari.
  • Maiatzak 28-30, ostirala-igandea. Kultur Zuhaitz Eguna, udaletxeko arkupeetan.
  • Ekainak 18, ostirala. Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala, 11:00etatik 13:00etara. Euskal Herriko arduradun instituzionalek eta sormen guneetako ordezkariek parte hartuko dute. Solasaldia eta bisita gidatua egingo dituzte. 18:00etan herritarrekin ekitaldi irekia egingo dute, osasun egoerak ahalbidetzen badu.
  • Ekainak 25, ostirala. Herri ekimena eta kooperatibismoa jardunaldia. Sanagustin kulturgunean, 10:00etatik 13:30era. Herri Batzordeak eta Kultiba enpresak elkarlanean antolatu dute. Euskal Herriko eta Kataluniako adituak eta eragileetako ordezkariak izango dira hizlari.
  • Uztailak 24, larunbata. Sanagustin kulturgunearen 10. urteurreneko ekitaldi ofiziala. Sanagustin kulturgunean, 12:00etan hasita. Hitzartzeak, herriko taldeen emanaldiak eta ikus-entzunekoa izango dira.

Osasun larrialdia dela-eta, ekitaldi guztietan neurriak hartuko direla jakinarazi dute.

Erlo Telebistaren kronika

Gipuzkoako Hitza-ren erreportajea kultur proiektuari buruz

Gara-ren erreportajea kultur proiektuari buruz

Erlazionatuak